logos

Berriak

Bioaniztasuna guztion artean osatzen dugu


Aniztasun Biologikoaren nazioarteko urtearekin (2010) bat etorriaz, Europar batzordeak Bioaniztasuna guztion artean osatzen dugu izeneko kanpaina abian jarri du. Ekimen honek bioaniztasunaren babesa eta kontserbazioa ditu helburu nagusitzat. Hori lortzeko, Europako herritarrak sentsibilizatu eta eguneroko bizitzan bioaniztasunak duen garrantzia azaldu nahi zaie, euren ekintzen bitartez aniztasun biologikoa babestu dezaten.


biodiversidadIzan ere, Bioaniztasunaren inguruan europarrok dugun iritzia jasotzen duen Ekobarometroa osatzeko egin berri den inkesta batean zera jaso da: europarron %38ak baino ez dakiela termino horren esanahia zein den, eta beste %28 batek inoiz entzun duela adierazi du, nahiz eta zer den jakin ez. Gehiengo handi batek bianiztasunaren galera oso larria dela uste du, espezieen galerak inolako eraginik suposatzen ez diela adierazten badute ere. Eta galdetutakoen artean, %17ak soilik onartu du eragina jasaten ari dela. Bionaiztasunari kalte gehien egiten dioten mehatxuen artean %27ak kutsadura ipintzen du lehen postuan eta beste %26 batek gizakiak eragindako hondamendiak.


Gaur egun bioaniztasuna oso egoera larrian aurkitzen da planeta osoan, batez ere lurraren erabileraren aldaketaren, gehiegizko ustiapenaren, kutsaduraren, iraunkorrak ez diren jardueren, natura guneen suntsipenaren, eta abarren ondorioz. Gaur egun, espezieen galera-erritmoa, ohikoa baino 100 eta 1.000 aldiz handiagoa da. Aztertutako espezieen hiru laurdena desagertzeko zorian dago. Era berean, azken 50 urteetan, planetako ekosistemen %60a hondatu egin dela diote azterketa batzuek.


Honengatik guztiarengatik, Europako Kontseiluak 2020rako Europa eta munduko ekosistemak berreskuratu eta babesteko plan bat osatzea adostu zuen martxoaren amaieran. Honetaz gain, 2050. urtea epemuga bezala ezarri zuten bioaniztasuna babestu, baloratu eta behar bezala berreskuratu, eta Europar Batasunaren politika eta estrategia ezberdinetan barnera dadin.

 

 

Donostialdeak Garbigune berria izango du


Donostialdeko hamar herrietako biztanleek etxean sortutako hiri-hondakinak gaika biltzeko gune berria abian jarriko du San Marko Mankomunitateak: Garberako Garbigunea. Erakundeak jakinarazi duenez, apirilaren hirugarren asterako, etxean sortzen ditugun hondakinak Garbera Merkatal Zentroaren azpialdeko gune honetara eraman ahal izango ditugu, kudeaketa egokia eman eta hondakinei ahalik eta probetxu handiena ateratzeko.

garbiguneErabiltzaileok hondakinak aldez aurretik gaika bereiztu ostean, hondakinetatik materialak edo birzikla daitezkeen osagaiak berreskuratzea du helburu Garbiguneak. Instalazio hauetan edukiontziak kokatzen dira eta aldez aurretik sailkatutako hondakinak bota daitezke. Motaren arabera, bost taldetan banatu daitezke Garbigunera eraman ditzakegun hondakinak:

  • Hondakin elektriko eta elektronikoak
  • Tamaina handikoak
  • Egurrak
  • Kimaketak eta lorezaintza lanak
  • Etxeko hondakin arriskutsuak

Aipatu bezala, etxean sortutako hondakinak modu egokian kudeatzeko sortu da zerbitzu hau, ez gremioek sortzen dituztenak jasotzeko. Izan ere, azken hauek, Mankomunitateak berak sektore horientzako propio dituen zerbitzu eta guneen bitartez kudeatzen dira. Garbiguneko zerbitzuaren araudia jaisteko sakatu hemen.
2.900 m2 dituen Garbigune berriak 888.000 euroko aurrekontua izan du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatu da. Kudeaketa zerbitzua berriz, Ekiber Elkarte Kooperatiboak eramango du aurrera.

Argazkia: www.sanmarko.net

 

 

Ingurumen Sektoreko Ekintzaileen Topaketa


Inguru 21, s.l. enpresak (Izadi 21) Redel entitateak martxoaren 26an Zaragozako hirian antolatutako Ingurumen Sektoreko Ekintzaileen Topaketan parte hartu zuen. Redel Tokiko Garapenerako Entitateen Sarea da.

encuentroAipatu topaketan espainiar estatuko ingurumen arloko 45 enpresek parte hartu zuten, horietako gehienak honako sektoreetan oinarrituz: Energia Berriztagarriak, enpresei nahiz entitateei ingurumen aholkularitza eskaintzea, natur guneen kudeaketa, hondakinen kudeaketa, eraikuntza iraunkorra eta bioklimatikoa.

Redel enpresak halako topaketa bat antolatzen duen hirugarren aldia izan da honakoa. Izan ere, ekintzaileen lehen topaketa 2009ko otsailean gauzatu zen Getafen (Madril) eta bertan sektore aeroespazialeko ekintzaileak bildu ziren. Bigarren topaketa 2009ko irailean antolatu zuen Redel entitateak Palma de Mallorca hirian eta helburua turismo arloko ekintzaile eta enpresen arteko elkargunea sortzea izan zen.

 

 

Energia Iraunkorraren Europako Astea Lezon


Lezoko Eskolako Agenda 21en baitan eskola komunitatea energiaren gaia lantzen ari dela ikusita eta martxoaren 22tik 26ra Energia Iraunkorraren Europako Astea ospatzen dela kontuan hartuz, Lezoko Herri Eskolako nahiz Institutuko ikasleak hainbat ekimen aurrera eramaten ari dira Izadi 21eko ingurumen hezitzaileen laguntzaz:

  • Martxoaren 15eko astea: Lezoko energiari buruzko diagnosia osatzeko kale ikerketa egitea. Kale ikerketarekin, ikasleek, besteak beste, udalerriko kanpo argiztapena, argi-kutsaduraren arazoa eta tentsio altuko dorreek zein Pasai Donibanen kokatutako zentral termikoak eragindako ingurumen eragina aztertzeko aukera izan dute.
  • Martxoaren 22ko astea: energia berriztagarrien ezaugarriak eta garrantzia ezagutzeko asmoz, energia berriztagarrien tailerrak eta jokoak egitea Ikasleek tailer horietan sortutako material, jostailu eta aparailuekin apirilean antolatzen duten eskolako festan erakusketa bat prestatuko dute.


Energia Iraunkorraren Europako Asteaz gehiago jakin nahi izanez gero, sakatu hemen

 

 

lezo

 

 

Tokiko Agenda 21en esperientzia pilotua Hondurasen


Bidasoa eskualdeko Bidasoa Bizirik garapen agentziaren gidaritzapean, Inguru 21, s.l. enpresa (IZADI 21) Hondurasko Santa Rosa de Copán udalerriko Tokiko Agenda 21en prozesuaren koordinazio lanetan ari da. Aipatu udalerrian ezartzen ari den Tokiko Agenda 21en esperientzia pilotua URB-AL III Europar Batasuneko diru-laguntzen programako “UNE: tokiko garapena sustatzeko estrategia parte-hartzaile eta barnerakorrak” proiektuaren baitan kokatzen da.

hondurasIldo honetan, Inguru 21, S.L.ko aholkulari batek otsailaren 27a eta martxoaren 7a bitartean Santa Rosa de Copán udalerrian izan zen, bertan proiektua koordinatzen duten eragileekin bildu eta proiektuaren garapenari jarraipena egiteko. Honakoak izan ziren, besteak beste, aholkularitza enpresaren bisitaldian emandako pausoak:

  • Proiektuan parte hartzen ari diren eragileei zuzendutako Tokiko Garapen Iraunkorrari buruzko 10 orduko ikastaroa ematea.
  • 2009ko urrian proiektua martxan jarri zenetik orain arte emandako pausoen berrikuspena eta balioespena.
  • Tokiko garapen iraunkorrarekin harreman zuzena duten bestelako tokiko proiektuak ezagutzea.
  • Santa Rosa de Copán-eko Tokiko Agenda 21en prozesuaren jarraipen eta gidaritzarako organoaren bilera gauzatzea (Agenda 21en jarraipen batzordea).
  • Proiektuan zehar gauzatuko diren partaidetzarako foroen antolaketarekin hastea (intereseko eragileekin bilerak, etab.).
  • Santa Rosa de Copán-eko iraunkortasun diagnosiaren gai-zerrendaren balioespena.


Proiektuak irauten duen bitartean, Inguru 21, S.L. aholkularitza enpresak Bidasoa Bizirik agentziarekin ez ezik, Santa Rosa de Copán-eko teknikari koordinatzailearekin ere informazio trukaketa eta dokumentuen berrikuspena landuko du. Aldi berean, urtean behin koordinazio bilerak egitea ere aurreikusten da.

 

 

Urola Kostako hondakinen sentsibilizazio kanpaina


Urola Kostako Udal Elkartearen ekimenez, 2009ko azarotik 2010eko otsaila bitartean, Urola Kostako ikasleek eskualdean sortutako hondakinen kudeaketa non, nola eta zergatik egiten den ezagutzeko aukera izan dute, eta bide batez, eurek ere, hiri hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzen ikasi dute. Horretarako, Inguru 21, S.L. (Izadi 21) aholkularitza enpresako ingurumen hezitzaileen laguntza izan dute kanpaina honetan parte hartu duten eskola zentroek.

zaborkiAipatu behar da Urola Kosta eskualdeko 11 eskolek parte hartu dutela Urola Kostako Udal Elkarteak urtero antolatu ohi duen hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapenaren aldeko 2009ko kanpainan: Aiako Andatza eta Lardizabal; Getariako Iturzaeta; Orioko Herri Ikastola eta Zaragueta; Zarauzko Antonianoak, La Salle, Orokieta eta Salbatore Mitxelena; Zumaiako Maria eta Jose, Herri Eskola eta Oikia Eskola Txikia. Udal Elkartea 2001 urtean hasi zen eskoletara zuzendutako sentsibilizazio kanpaina hauek antolatzen, aurtengoa dagoeneko ohitura bihurtu den kanpainaren bederatzigarren edizioa izanik.

Hondakin bat, hamaika aukera lelopean, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako 400 ikasle inguruk Urola Kostako eskualdean aurkitzen diren hondakinen kudeaketarako azpiegitura ezberdinak bertatik bertara ikusi eta euren funtzionamendua aztertu dute Zaborki maskotak lagunduta.

Honakoak izan dira “Hondakin bat, hamaika aukera” kanpainan parte hartu duten eskolek aurrera eraman dituzten jarduerak:

  • Zarauzko Urtetako zabortegia eta Abendañon kokatutako Garbigunea ezagutzeko bisita gidatua.
  • Hondakinen murrizketa, berrerabilpena, birziklapena eta kontsumo iraunkorrari buruzko joko eta tailerrak: Zaborkiren jolasa, erosketa arduratsuari buruzko jolasa, hamaiketakoaren jolasa eta etxeko olio erabiliarekin egindako xaboiaren tailerra.
  • Beste eskualde batzuetako hondakinen kudeaketari buruzko azpiegiturak ezagutzeko bisitak: Oiartzungo Haurtzaro Ikastola konpostatze mekanikoari buruzko esperientzia, Azpeitiko Lapatxeko zabortegia eta kontsumo arduratsuari buruzko gela.


Ekimen horietan guztietan ikasleen jarrera paregabea izan da eta hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko arloan aditu bilakatzen ari dira. Orain, guztiek ikasitakoa eta jasotako aholkuak egunero praktikan jartzea baino ez zaie falta, etxean, eskolan, lagunartean. Modu honetan, Urola Kostako eskualdean hondakin gutxiago sortu eta sortutako hondakinen birziklapena areagotzen joateko aurrerapausoak emango dira.

 

 

 

Blog de la Diputación Foral de Gipuzkoa sobre participación ciudadana


Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009 urtean zehar Herritarren Partaidetzarako Foru Arauaren edukia adosteko herri eztabaida prozesu bat garatu zuen. Prozesu horretan Gipuzkoako Batzar Nagusiek, elkarteek, banakako herritarrek, tokiko administrazioek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Kabineteak parte hartu zuten.

partehartzenProzesu horren emaitza moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauaren Aurreproiektuaren zirriborroa idatzi eta 2010eko urtarrilaren amaieran aurkeztu zuen. Aurreproiektuaren zirriborroa kontsultatu eta ekarpenak egin nahi dituen orok Gipuzkoa Parte Hartzen blog-ean sar daiteke (bloga 2010eko otsailean aurkeztu berri da). Blogean sartuta, aipatu dokumentuaren zirriborroa “Faseak eta Dokumentazioa” izeneko atalaren “III. Fasea” izeneko azpiatalean kontsulta daiteke eta ekarpenak egiteko, “Zure Iritzia” atalean sartzea beharrezkoa da.

Diputatu Nagusiaren Kabineteak sustatutako Foru Arauaren helburu orokorra demokrazia ordezkatzailearen mugak gainditu, gizarte errealitate eta behar berriei erantzun eta aldi berean, herritarrak eta administrazioaren arteko urruntasunari aurre egitea izango litzateke. Beraz, Gipuzkoako Lurralde Historikoan demokrazia parte-hartzailea sustatu nahi du Aldundiak, demokrazia ordezkatzailearen osagarri den demokrazia parte-hartzaileari bultzada emateko. Horretarako, besteak beste, Foru Arauaren aurreproiektuak honako arloak arautzen ditu:

  • Herri Administrazioan parte-hartzea sustatzeko teknikak (prozesu nahiz mekanismoak).
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez sustatutako tokian tokiko proiektuen partaidetza prozesuak.
  • Partaidetzarako Entitateen Foru Erregistroaren sorrera.
  • Partaidetzaren arloan oinarrizko ezagutzak eskuratu eta gai honetan sakontzeko prestakuntza programen antolaketa.


Informazio gehiagorako sartu www.gipuzkoa.net atarian.

 

 

Europako elikagai ekologikoen irudi berria


Europar Batzordeak Europa osoko arte eta diseinuko ikasleak gonbidatu ditu Europako elikagai ekologikoen irudi berria diseinatzera. 2009an abian jarritako lehiaketa honetan, 3.400 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte eta on-line egindako bozketa baten ostean, Dusan Milenkovic alemaniar ikasle gaztearen hosto itxurako logotipoa izan da garaile botuen %63arekin.

logos

Mariann Fischer Boel, nekazaritza eta landa garapenerako komisario arduradunak adierazi duenez, irudi honen bitartez freskotasuna eta identifikatzeko erraztasuna bilatu nahi izan ditu Europar Batzordeak. Izan ere “irudi berri honek Europa eta Natura uztartzen ditu”.

2010eko uztailaren 1etik aurrera, Europar Batasuneko estatu guztietan sortutako produktu ekologiko guztiek zigilu hau barneratuta izan beharko dute. Inportatutako produktuen kasuan Eurohostoa erabiltzea ez da  derrigorrezkoa izango.

Informazio gehiagorako sakatu hemen.

 

 

 

 

Biodibertsitatearen Nazioarteko urtea


Nazio Batuen Elkarteak 2010 urtea Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtea izendatu zuen. Hori dela eta, mundu mailan gertatzen ari den aniztasun biologikoaren galerari aurre egiteko neurriak abian jartzeko eta biodibertsitatearen zaintza sustatu nahiz ondare horri buruzko informazioa zabaltzeko asmoz, mundu mailako gizarte eta ekonomia eragileek askotariko ekimenak antolatuko dituzte.

biodivOro har, Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtea ospatzeko antolatutako ekimenak Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmenaren Idazkaritzak koordinatuko ditu (aipatu Hitzarmena 1992 urtean Rio de Janeiro hirian antolatutako Lurraren Gailurrean onartu zen). Biodibertsitatearen galera gelditzeko “2010 Atzerako Kontaketa” izeneko ekimena Biologikoaren Hitzarmenaren kide da eta urtean zehar antolatuko diren ekimen ezberdinen koordinazioan laguntza eskainiko dio Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmenaren Idazkaritzari.

“2010 Atzerako Kontaketa” izeneko ekimena jaio zenetik urte asko igaro ez diren arren, aipatu ekimenak lan interesgarria egin duela baiezta daiteke, izaerari nahiz jarduera-eremuari erreparatuz beraien artean oso ezberdinak gerta daitezkeen eragileak helburu komun baten baitan batzeko gai izan baita; hala nola, tokiko agintariak eta administrazioa, enpresa mundua eta gizarte eragileak. Egun, “2010 Atzerako Kontaketa”k 1.000 bazkide inguru ditu eta bazkide horiei esker lortu nahi Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtearen harira antolatutako ekimenak munduko bazter guztietara hedaraztea, horretarako informazio-baliabide ugari erabiliaz.

Honakoak dira Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtearen helburu nagusiak:

•    Biodibertsitatearen zaintzak gizakion ongizatea bermatzeko eta ekonomia jarduerak garatzeko duen garrantziaz jabetzea.
•    Biodibertsitatearen galerak eragin ditzakeen mehatxuen inguruan ohartaraztea eta horrekin batera, guztion ondarea den biodibertsitatea zaintzeko martxan jar daitezkeen neurrien inguruko informazioa eskaintzea.
•    Maila ezberdinetako erakundeek aniztasun biologikoa kontserbatzeko jarduerak antolatzera bultzatzea. 
•    2010 urtean aniztasun biologikoaren galera gelditzeko helburua lortu ez izanaren arrazoiak eta huts egiteak erakusteko balio duten txostenak aurkeztea.
•    2010 urtea igarota ezar daitekeen helburu berri baterako komunikazio baliabideak prestatzea.

Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako ekimenetan parte hartzeko sakatu hemen.

Informazio gehigarria honako web guneetan aurkituko duzu:

Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtearen web gune ofiziala
Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren web gunea

 

 

 

Garraio publikoa Hondarribiko foroan


Aurreko asteartean, urtarrilak 12, Hondarribiko Tokiko Agenda 21en prozesuaren 2010eko lehen Herritarren Foroa antolatu zuen Hondarribiko Udalak, Izadi 21 aholkularitza enpresaren koordinaziopean. Bilera honetan, Hondarribiko autobus zerbitzuaren linea berrien inguruko informazioa ezagutzera eman zuen Udalak eta bilerara bertaratutako herritarrek, erakundeek nahiz banakako herritarrek beraien ekarpenak egiteko aukera izan zuten. 

foroAipatu behar da Hondarribiko iraunkortasunerako I. Ekintza Planaren helburuetako bat, Hondarribiko biztanleen mugikortasun eta irisgarritasun beharrak garapen iraunkorraren ikuspuntutik asetzea dela, eta horregatik gai honen inguruan eztabaidatzeko bildu zen Herritarren Foroa. Aipatu helburua lortzeko, Ekintza Planak zenbait ekintza barneratzen ditu:

E 5.2.2: Herritarren beharrei erreparatuz, Udaletik garraio publikoaren zerbitzu berriak martxan jartzea bultzatzea. (Lehentasun altuko ekintza)

E 2.5.3: Bidasoako Ospitalera doan garraio publikoaren eskaintzari lotutako hobekuntza posibleak aztertu beste erakunde eskumendunekin elkarlanean. (Lehentasun ertaineko ekintza)

Garraio publikoaren inguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako ekialdean dauden eskualdeetako herriarteko autobus zerbitzuen berrantolaketarako aurreproiektua idatzi duenez, Udalak dokumentu horretan barneratzen den Hondarribiari buruzko informazioa aztertu du. Dokumentuan jasotako hobetzeko asmoz, Udalak bere proposamenak Aldundira igortzea aurreikusten du, baina pauso hori eman aurretik,  Agenda 21en Herritarren Foroarekin bildu zen urtarrilaren 12an, herritarren ekarpenak entzun eta beraien proposamenak aztertzeko. Era honetan, Udalak Aldundira bidaliko duen alegazioen dokumentua herritarren ekarpenei esker aberastuko da.

Aurreikusita dauden aldaketek, autobus lineekin ez ezik (linea berriak ere sortuko dira) egun martxan dauden lineen ordutegiekin, geltokiekin, eta abarrekin ere zerikusia dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreproiektua eta ibilbide berriaren proposamena aztertu eta ekarpenak egin nahi dituzten ingurumena@hondarribia.org helbide elektronikora idatz dezakete edo 943111242 telefonora deitu.

Bilera amaitu aurretik Udalak bertaratutako herritarrei jakinarazi zien aurki Herritarren Foroaren bilera berri baterako deialdia egingo dela, Agenda 21en Ekintza Planaren edukiaren garapenari buruzko hitz egiteko.