logos

Berriak

Ura izan da Adunako Aste Berdeko ardatza


aduna1973 urtetik, urtero, ekainaren 5ean, mundu osoan Ingurumenaren Eguna ospatzen da. Aurtengoan, biodibertsitatearen zaintza izan da Europako Batzordeak ekainaren 5aren ospakizunei begira aukera duten gai nagusia.

Adunari dagokionez, Udalak azken urteetan egin duen moduan, eta ekainaren 5a aitzakiatzat hartuz, ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatu zuen Aste Berdea izeneko sentsibilizazio kanpainaren baitan. Adunako Aste Berdearen ekimenak Ura eta Biodibertsitatean oinarritu ziren. Horrela, herritarrek aukera izan zuten Ursaltoko errekaren egoera aztertzeko, “Glup, zabor bizidunak” izeneko pelikula ikusteko eta baita “Ttanttoren Jolasa” izeneko ekintzan parte hartzeko ere.

IZADI 21 (Inguru 21, S.L.) enpresak ISO 14.001 ziurtagiria eskuratu du


iso14001Izadi 21 (Inguru 21, S.L.) enpresak 2007 urteaz geroztik garapen iraunkorrarekin eta, oro har, ingurumenarekin zerikusia duten arloetan aholkularitza eskaintzen du. Enpresaren funtzionamenduan ingurumen jardunbide egokiak bultzatzeko asmoz, 2009ko urrian gure enpresa UNE-EN-ISO 14001: 2004 arauaren araberako Ingurumen Kudeaketa Sistema ezartzeko plangintza eta metodologia prestatzeari ekin zion.

Gauzak horrela, IAC Inspección, Auditoría y Certificación S.L. enpresak 2010eko martxoan zehar enpresaren Ingurumen Kudeaketa Sistema aipatu arauarekin bat zetorrela egiaztatzeko ikuskaritza gauzatu zuen. Ikuskaritza eginda eta baldintza guztiak betetzen zirela baieztatu ondoren, Izadi 21 (Inguru 21, S.L.) ingurumen aholkularitza enpresak 2010eko maiatzaren 7an ISO 14.001 ziurtagiria lortu zuen.

 

Lezoko eskolek Eskolako Agenda 21en foroa antolatu dute


eskola lezoLezoko Eskolako Agenda 21en baitan eskola komunitateak energiaren gaia landu du ikasturte honetan Izadi 21 (Inguru 21, S.L.) enpresaren laguntzarekin. Dagoeneko eskola garaia amaitzen ari denez, Lezoko Herri Eskolako eta Lezoko Institutuko ikasleek urtean zehar egin dutenaren berri emateko eskolarteko foro bat ospatu zuten maiatzaren 18an, Lezoko Gezala Auditoriumean. Txiki eta handi, orotara 60 bat ikaslek parte hartu zuten Eskolako Agenda 21en foro honetan.

Mailaz maila, Herri Eskola eta Lezo Institutuko ikasleek 2009/2010 ikasturtean egin dituzten, azterketak, tailerrak, kale ikerketak, hausnarketak, eta beste hamaika kontu azaldu dizkiote elkarri. Besteak beste, lehen hezkuntzako 1. mailako ikasleek eskolako argiak aztertu dituzte eta orokorrean, behar ez dituztenean ia beti itzali egiten dituztela ondorioztatu dute. LHko 3. mailakoak, berriz, berokuntza sistemari erreparatu diote, eta eguraldi beroarekin, leihoak ireki beharrean berogailuak itzaltzea onuragarriagoa dela ikasi dute.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere eskolako eta etxeko kontsumo ohiturak aztertu dituzte Aztarna Ekologikoaren kontzeptua erabiliz. Termino honek, norberaren edo gizarte talde jakin baten kontsumo ohiturak aztertu eta eskuragarri ditugun natur baliabideekin parekatzen ditu. Horrela, esate baterako, planeta osoko biztanleek gipuzkoarron kontsumo maila bera izango balute 3,5 planeta inguru beharko genituzke bizirauteko, eta hori, logikoa denez, ezinezkoa da.

Ekainaren 15ean, Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleak berriro elkartuko dira, oraingoan, ordea, Udaletxeko ordezkariekin biltzeko. Udala eta eskolen arteko foro honetan, ikasleek ikasturteko lanaren emaitzak eta energiaren gaian etengabeko hobekuntzarako eskola komunitateak hartutako konpromisoa aurkeztuko dizkiote udal ordezkariei. Era berean, herri mailan ikasleek aurkitutako beharrei erantzuna eman eta Lezo iraunkortasun energetikorantz pausuak eman ditzan, Udalari zenbait eskaera eta proposamen luzatuko dizkiote.  

Era honetan, urtez urte, eskola komunitatea eta Udala, eskutik helduta garapen iraunkorraren bidean aurrera pausu nabarmenak ematen ari dira.

 

 

Hiri eta herri iraunkorrak Dunkerkera begira daude


Maiatzaren 19-21 bitartean Hiri eta Herri Iraunkorren VI. Batzarra ospatuko da Frantziako Dunkerke hirian. Bilkura honetara Europa osoko agintariak, enpresa buruak, GKEak eta beste hainbeste erakundetako ordezkari hurbiltzea espero dute antolatzaileek; orotara 1.500 parte hartzaile inguru.

Kopenhagen izandako Klimaren Gailurraren (2009) ondorengo iraunkortasun ekitaldi garrantzitsuenetako gisa izendatu dute askok jadanik, izan ere, ekonomia eta klima-krisi garai honi aurre egiteko garapen iraunkorrak joka dezakeen paperaren garrantzia azpimarratu eta iraunkortasun politikak sustatzeko moduak nola garatu aztertuko baitute. Hori dela eta, sektore ezberdinetako eragileen parte-hartzea bilatu da, elkarlanean egungo krisi-esparru honetatik nola irten aztertzeko.

Era berean, munduko ekonomia berregituratzeko, langabezia murrizteko eta Klima Aldaketari aurka ekiteko “hiri iraunkorra” kontzeptuak joka dezakeen paperaren inguruan hausnartzeko asmoa dute antolatzaileek.

Era berean, azpimarratzekoa da maiatzaren 20an Aalborgeko Kopromisoei atxikipen-ekitaldi berezia eskainiko zaiela, tokiko agintariek iraunkortasunaren aldeko apustua egin dezaten aldarrikatzeko.

dunkerke

 

 

Urak Adunako ikasle eta udal ordezkariak elkartu ditu


aduna

Martxoaren 6ean, Adunako kultura aretoan, Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren inguruko ikasturte amaierako saioa ospatu zen. Bertan, Adunako herri-eskolako ikasleek ikasturte honetan zehar ura natur baliabideari buruz ikasitakoa azaldu zieten Adunako Udaleko Alkate andereari, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziari, eta Ingurumena eta Agenda 21en teknikariari.

Jarraian laburbiltzen dira ikasleek 2009-2010 ikasturtean zehar aurrera eraman dituzten jarduera nagusiak:

  • Eskola zentroan egiten den urari buruzko azterketa, hobetu daitezkeen alderdiak antzemateko.
  • Herriko uraren inguruko kale-ikerketa aurrera eramatea, herrian natur baliabide honen inguruan egiten diren erabilerak eta urari lotutako ekosistema ezberdinak ezagutzeko (errekak, etab.).
  • Eskolan bertan eskola komunitatea osatzen duten eragileen artean urari buruzko sentsibilizazioa lantzeko, Txoko Berdea izeneko komunikaziorako gunea indartzea (urari lotutako galdera-erantzunen lehiaketa, …).
  • Uraren zikloa ezagutu eta urari lotutako ekosistema ezberdinak aztertzeko herritik kanpora irteera ezberdinak antolatzea (Askizura, Leitzarango uraren interpretazio zentrora eta Ibaiederreko araztegira).
  • Etxean ura aurrezteko eta zentzuz erabiltzeko aholkuen orriak eta marrazkiak lantzea.
  • Udaletik antolatutako urari buruzko sentsibilizazio ekintzetan parte hartzea (Erreka Eguna, etab.).

 
Aurkezpen hori egin ostean, ikasturtean landutakoa abiapuntutzat hartuz, ikasleek udal ordezkariei atera dituzten ondorioak eta eskola bezala bere gain hartuko dituzten konpromisoak deskribatu zizkieten. Azkenik, kale ikerketaren ondorioz herri mailan antzemandako uraren inguruko hutsuneak ere ezagutzera eman zituzten, udal ordezkariei zenbait proposamen plazaratuz (Udalak proposamen horiei idatziz erantzungo die).

Bukatzeko, aipatu behar da Eskolako Agenda 21en egitasmoan orotara 50 ikaslek parte hartzen dutela, eta horiekin batera, gurasoek, irakasleek eta udaleko hainbat langilek ere bai. Adunako herri-eskolak, Tolosaldeko beste udalerrietako eskola zentroekin batera, 2007-2008 ikasturteaz geroztik parte hartzen du Eskolako Agenda 21en.

 

 

Lezoko Eskolen Festan Eskolako Agenda 21ek txoko bat izan du


lezo festaApirileko azken larunbatean egun handia izan zuten Lezoko Herri Eskolan; ikasle, irakasle eta gurasoek, denak elkarrekin, Eskolen Festa eguna ospatu zuten. Ikasturtean zehar ikasleek egindako eskulan, marrazki eta beste hamaika artelan ikusgai izan ziren bertan, eta horien guztien artean, Eskolako Agenda 21 programak ere izan zuen tarterik.

Energia da 2009/2010 ikasturtean Lezoko eskola komunitatea Eskolako Agenda 21 programaren baitan lantzen ari den ingurumen aldagaia, eta ildo horretan, energia berriztagarrien inguruko tailer batzuk landu dituzte ikasleek: eguzki plakatxoekin martxoan eta apirilean zehar eguzki errotak egin dituzte.

Erakusketa osatzen zuten beste gailuen artean, eguzki destilagailu bat, eguzki pasteurizadore bat, eguzki-berogailuak, imanekin argia sortzeko gailuak ikusi eta probatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Gipuzkoako Etxeko konpostajearen II. Saria


Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak Gipuzkoako Etxeko Konpostajearen II. Sarien lehiaketa antolatu du, sukaldeko eta lorategiko hondakin organikoen kudeaketa iraunkorrean nabarmentzen diren familien lana saritu nahi baitu Aldundiak.

Lehiaketak 2 helburu nagusi erdietsi nahi ditu:

  • Konpostaje prozesua eta egindako konpostaren kalitatea hobetzen laguntzea
  • Gipuzkoako Konpostgileen Sarea finkatu eta zabaltzea

Lehiaketan izen emateko epea apirilaren 26tik maiatzaren 8ra bitartean zabalduko da. Jasotako partaidetza-eskaera guztietatik 100 familia aukeratuko ditu Aldundiak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Aholkularitza Batzordeko teknikariek maiatza eta ekainean zehar 100 familia horiek bisitatuko dituzte, sortutako etxeko konpostajearen kalitatea aztertu eta, lortutako emaitzen arabera, saria jasoko duten familien hautaketa bat egin ahal izateko.

Lehiaketaren oinarriak irakurtzeko sakatu hemen

Informazio gehigarria:

- www.gipuzkoaingurumena.net
- konpost@gipuzkoa.net
- 900 840 083

compost

 

Donostia-Miarritz korridore ekologikoa


Oceana Elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Biologoen Elkarte Ofizialak Donostiatik Miarritzera bitarteko itsas eremua babesteko proposamena egin diote Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.


Babesteko proposatutako eremuak itsasoko 27.305 hektarea inguru hartuko lituzke, Ulia eta Jaizkibel mendien 13.000 hektarea inguru, honela, Europar Atlantikoko korridore ekologiko anitzenetako eta garrantzitsuenetariko bat osatuko litzateke. 35 kilometrotako zonalde honetan, babestutako berrogeita hamar espezie inguru eta nazioarte mailan interes handia duten dozena bat komunitate zein habitat aurkitzen dira.

Eremua hau Natura 2000 sarea izendatzeko prozesuan ekarpen oso garrantzitsua izango litzateke Euskal Herriko itsas ingurunearentzat. Izan ere, Biologoen Elkarteak adierazi duenez, Natura 2000 itsas sareak ez du ordezkaririk Hego Euskal Herrian. Arrezifeak edo itsas azpiko kobak bezalako habitatak babesteko lekurik ez da oraindik izendatu, ezta izurde handia edo itsas lanproia bezalako espezieak babesteko ere. Biologoen Elkarteko ordezkarien hitzetan, Jaizkibel eta Ulia inguruko itsas eremua babesteak gabezia horiek zuzenduko lituzke.

Babesgune izendatzeko irizpide hauek guztiak txosten batean bildu dituzte bi elkarteek eta aurki Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Ingurumen Ministerioan aurkeztuko dituzte.

 

 

 

CO2 isurpenak %44 murriztu dira lehen hiruhilekoan


WWFren Elektrizitatearen Behatokiak adierazi duenez, urteko lehen hiruhilabetean, iberiar penintsulan elektrizitate sektoreak %44ean murriztu ditu CO2 isurpenak 2009an, epe berdinean igorritakoekin alderatuz gero. Honela, 2009ko martxoan atmosferara 5 milioi tona CO2 isuri baziren, 2010eko martxoan 2,4 milioi baino gutxiago izan dira, elektrizitate sektoreak ekoiztutako kWh bakoitzeko CO2 isuriak 99 gramotako zifra minimoetara itzuli direlarik.

eguzki errotaBeherakada honen arrazoi nagusia energia berriztagarrien bitartez ekoitzitako elektrizitatean datza, batez ere energia hidraulikoak sortutakoa. Energia eolikoak, aurreko urtean baino %50,5 elektrizitate gehiago ekoitziaz, eta eguzki energiaren gorakadak ere zerikusia dute murrizpen honetan. Izan ere, nahiz eta penintsulako energia eskaera urtez urte handituz joan, elektrizitate sarean jatorri berriztagarria duen energia kantitatea geroz eta handiagoa da.


Era berean, ikatza, fuel olioa eta gasa energia iturri gisa erabiltzen duten zentral termikoetako ekoizpenaren beherakadak ere eragin zuzena izan du, bai CO2 isurpenetan, bai sufre dioxidoen eta nitrogeno oxidoen isurpenetan (0,100 gr./kWh eta 0,109 gr./kWh hurrenez hurren).


Hala eta guztiz ere, jatorri nuklearreko energiaren ekoizpenak ere gorantz egin duenez, hondakin nuklearren bolumena dezente handitu da, eta hortaz, energia berriztagarriekin lortutako ingurumen hobekuntza lausotu egin da.

 

 

 

EDA, urari buruzko informazio geografikoa online


Uraren Euskal Agentziak (URA) Espazio Datuen Azpiegitura (EDA - URA) berria aurkeztu eta eskegi du bere web gunean (www.uragentzia.net). EDA hau, Euskal Autonomia Erkidegoko ur-inguruneari buruzko informazio geografikoaren ezagutza eta erabilera erraztea xede duten datu, tresna eta zerbitzu multzo batez osatuta dago.

uraEspazio-datuen azpiegitura bat sortzeko ekimena, informazio geografikoaren gero eta kalitate eta kopuru handiagoaren zein informazio hori kudeatzeko tresna egokiak izateko beharraren ondorio da. EDA honen sorrera bultzatu duen beste arrazoi bat informazio hori argitara emateko beharra izan da, bestelako administrazio, enpresa eta hiritarrek erabil dezaten.