logos

Berriak

Busean hobe!


Martxoaren 1ean abian jarri da Ekialdebus zerbitzua, Oarsoaldearen (Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia), Bidasoaldearen (Hondarribia, Irun) eta Donostiaren arteko autobus bidezko lotura hobetuko duen ekimena.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena bada ere, Gipuzkoa ekialdeko zenbait herrik ere parte-hartze zuzena izan dute: esate baterako, Hondarribikoa. Izan ere, Hondarribiko Udalak bere Tokiko Agenda 21en Ekintza Planean txertatutako hainbat ekintzek herriko mugikortasun arazoei aurre egin eta kalitatezko garraio publikoa sustatzearekin zuzeneko lotura dute.

Honenbestez, autobus zerbitzu honek ekarriko dituen onurak eta aldaketak herritarren artean zabaldu asmoz, Hondarribiko Udalak Busean Hobe! kanpaina abiarazi du Izadi 21 enpresaren laguntzarekin. Martxoan hasi eta ekainera arte luzatuko den kanpaina honen ekintza nagusiak honakoak dira:

  • Busean hobe! bideo lehiaketa (martxoaren 1etik ekainaren 3ra)
  • Martxoaren 1etik 13ra bitartean Lurraldebus txartela doan eskatzeko aukera (Iza liburu-denda –Zuloaga, 11-)
  • Tokiko Agenda 21en udal zinegotziaren eta auzoetako bizilagunen arteko azalpen bilerak
  • Bus zerbitzuen ordutegi eta ibilbide berrien informazio kartelak Hondarribiko autobus markesinetan ezartzea  
  • Hondarribiko herritarrei autobus zerbitzu berriaren inguruko iritzi-galdeketa
  • www.hondarribia21.org web gunean kanpainari buruzko informazioa atala sortzea
  • Facebook-eko Busean hobe! taldea sortzea
  • Herritarren iritziak jasotzen dituzten kartelak herriko komertzioetan jartzea



Horrez gain, aipatu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bus zerbitzuei buruzko berrikuntzak herritarren artean zabaltzeko ekintza osagarriak antolatu dituela (hala nola, Gipuzkoa ekialdeko bus zerbitzuen inguruko informazioa barneratzen duten foiletoak).

 

 

Ecoeuskadi 2020 prozesuan parte hartzen


Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak “Ecoeuskadi 2020” izeneko garapen iraunkorreko eredu berria definitu eta abian jartzeko prozesuari hasiera eman dio eta Izadi 21 ere Ekoeuskadi 2020 estrategiaren eztabaida fasean parte hartzen ari da, EAE mailako beste eragile batzuekin batera.

Honakoak dira Estrategian barneratzea aurreikusten diren 3 helburu orokorrak:

  • Oparotasun ekonomikoa: ekonomia berritzaile, lehiakor eta ekologikoki eraginkorrerantz jotzea.
  • Ingurumenaren babesa: ingurumenaren kalitatea hobetzea, klima aldaketaren aurka borrokatzea eta gure biodibertsitatea babestea.
  • Berdintasuna eta gizarte kohesioa: kalitatezko enplegua eta hezkuntza eta gizarte osasuntsu, kohesionatu eta solidarioa bultzatzea.

Horrez gain, Estrategiak 9 erronka nagusiri erantzun beharko die:

-    Egun indarrean dagoen energia eredua agortzea
-    Lehengaiak eta natur baliabideak murriztea
-    Lehiakortasuna globalizatzea
-    Demografia aldaketak
-    Gizarteko balore sistemaren ahultzea
-    Gazteak lan merkatuan eta gizarte bizimoduan txertatzea
-    Klima aldaketari egokitzea
-    Kudeaketa publikoaren konplexutasuna
-    Nazioarte mailako kohesioa eta garapena


Norbanakoak ere ekarpenak bidaltzeko aukera du, otsailaren 7ra bitartean, honako posta elektronikoaren bidez: ecoeuskadi2020@ihobe.net. Informazio gehigarria honako web gunean: www.ecoeuskadi2020.net.

 

ecoeuskadi logoa

Eskolako Agenda 21en foroak Oarsoaldean eta Bidasoa-Txingudin


Foro de ErrenteriaEskolako Agenda 21 garapen iraunkorraren aldeko hezkuntza programa bat da, eskola komunitatea nahiz udalerria bera inplikatzen dituena. Oarsoaldea eta Bidasoa-Txingudi eskualdeko udalerrien kasuan, Izadi 21ek programa hau Errenteria, Hondarribia eta Lezoko udalerrietako eskoletan koordinatu eta dinamizatzen du.

Aurreko ikasturteetan jarraitutako plangintzarekin bat etorriz, ekainean eskoletan Ingurumen Batzordeetako ordezkariek udal arduradunei egindako proposamen eta eskaerei erantzuteko asmoz, lehengo astetik Udala-Eskolak foroak ospatzen ari dira aipatu 3 udalerrietan:

  • Errenteria: Hezkuntza programa honetan parte hartzen ari diren 7 eskoletako ikasleek Alkatearen eskutik energiaren arloari buruzko udal erantzunak ezagutzeko aukera izan zuten azaroaren 23an. Ikasleek joan den ekainean egindako energiari buruzko eskaera nagusiak kaleko argiteria, garraioa, kontsumo arduratsua eta energia berriztagarrien arloan oinarritu ziren.  Foro de Fuenterrabia
  • Hondarribia: 2008/2009 ikasturtean hasitako bideari jarraituz, Eskolako Agenda 21en parte hartzen ari diren 3 eskoletako ikasleak azaroaren 25ean Udaleko ordezkariekin biltzeko aukera izan zuten. Udaletxeko udalbatza aretoan antolatutako foroan, ikasleek uraren gaiaren inguruan egindako eskaerei erantzuna eman zioten Alkateak eta lehen alkateordeak. Horrekin batera, ikasleek Udalari aurkeztu zioten ikasturtea hasi zenetik ura nahiz hondakinen gaian zein pauso ematen ari diren. Izan ere, aurtengoan Hondarribiko eskola zentroek bi gai horiek berriro ere landuko baitituzte.


Lezoko eskolak bihar, azaroak 30, bilduko dira Gezala auditoriumean Lezoko Udaleko ordezkariekin. Udala-Eskolak foro honen helburua, Errenteriako foroaren antzera, ekainean ikasleek Udalari egindako energiari buruzko eskakizunen erantzunak jasotzea izango da. Errenteria eta Lezoko eskolek, Oiartzungo eskolek bezala, ikasturte honetan zehar hondakinen gaia aztertuko dute.

Adunako Agenda 21en herri-batzarra


Presentacion en salon de actosAzaroaren 17an Agenda 21en herri-batzarra antolatu zuen Adunako Udalak udaletxeko kultur aretoan, arratsaldeko 19:30etan. Izadi 21 enpresaren dinamizaziopean, bilerara bertaratutakoek 2007. urtean Agenda 21en I. Ekintza Plana onartu zenetik orain artean burutu diren proiektu eta ekimen ezberdinen berri izan zuten eta, horrekin batera, herritarrek beraien proposamenak plazaratu zituzten. Aipatu proposamen guztiek Agenda 21en Ekintza Planaren edukiarekin harremana izan zuten.

Bilera amaitu aurretik, udal ordezkariek aurreratu zuten moduan, urtea amaitu aurretik 2011. urterako udal aurrekontuen inguruko bilera baterako deialdia egingo du Udalak, aurreko urteetan egin zen moduan, aurrekontu parte-hartzaileen ekimenaren baitan kokatzen dena. Udalak bilera horretan hurrengo urterako gastuen aurreikuspenak deskribatzeaz gain, herritarrek aukera izango dute hurrengo urteari begira martxan jar daitezkeen jarduerak proposatzeko, tartean, Agenda 21en Ekintza Planarekin erlazioa duten jarduerak.

Aipatu behar da Adunako Udalak 2004. urte amaieran eman ziola hasiera bere Agenda 21en prozesuari eta, orduz geroztik, udalerri nahiz eskualde mailan garapen jasangarriaren helburuekin bat datozen pauso irmoak eman dituela, tartean, honako hauek: udalerriko bizi kalitatearen inguruko argazkia islatzen duen diagnostikoaren idazketa (2005-2006), herritarren partaidetzarekin diseinatutako Agenda 21en I. Ekintza Plana (2007 urtean udalbatzak onartutakoa), Eskolako Agenda 21 hezkuntza programa abiaraztea eta tokiko iraunkortasun adierazleen kalkulua nahiz Ekintza Planaren ebaluazioa gauzatzea.

Gizateriak 2 planeta kontsumituko ditu 2030ean


BasoaWWF elkarteak “Informe Planeta Vivo 2010” txostena argitaratu berri du. Bertan Lurreko bioaniztasuna eta gizakion natura-baliabideen eskaera aztertzen dira. Horretarako, WWF elkarteak hiru adierazle hartzen ditu oinarritzat: Planeta Bizia Indizea (planetako ekosistemen egoera-aldaketak islatzen ditu), Aztarna Ekologikoa (gizakion natura baliabideen eskaera neurtzen du) eta Aztarna Hidrikoa (herrialde ezberdinetako ur-erabilera aztertzen du).

Aurtengo txostenerako 150 herrialdeetako datuak bildu dira; esate baterako, Planeta Bizia Indizea kalkulatzeko zonalde ezberdinetako 2.544 ugaztun, hegazti, narrasti eta arrainen 7.953 populazio aztertu dira. Emaitza oso argia da: ornodunen espezieen populazioa %30 murriztu da 1970tik eta 2007ra.

Aztarna ekologikoari dagokionez, egindako kalkuluen arabera gizakiok natura-baliabideenganako dugun kontsumo-eskaera bikoiztu egin da 1961 eta 2007 urteen artean. Honela jarraituz gero, 2030 urterako gizakiok 2 Lur planetek sortutako natura baliabideak beharko ditugu. Egun, Estatu espainiarreko biztanleei erreparatuz gero, aztarna ekologikoaren balioa 3,5ekoa dela ikus genezake, hau da: Lurreko biztanleriak espainiarren kontsumo joera izanez gero, hiru planeta eta erdi beharko lirateke guztion beharrak asetzeko.

Uraren erabilera ere izugarria da. Esate baterako, erabilera bakarreko edalontzi batean zerbitzatutako azukredun kafesne baten aztarna hidrikoa 200 litrotakoa da, kalkulurako laborantza, eraldaketak, garraioa eta produktu bakoitzaren elaborazioa barneratzen baitira.

Emaitzak orokorrean hartuta, bioaniztasuna bermatu eta gizakion bizi kalitatea zein naturaren egoera hobetzeko WWF elkarteak energia berrien aldeko apustua egiteko eta haragi zein esnekien kontsumoaren murrizketaren aldeko politikak abian jartzeko eskatzen die gobernu ezberdinetako agintariei.

2010ean kontsumo txikiko hiru milioi bonbilla banatu dira


Dibujo bombillaAurtengoan ere Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak Espainiako etxebizitzetan kontsumo txikiko bonbillen erabilera ezagutarazteko ekimena abian jarri zuen, bonbilla hauek erabiltzeak energia aurrezte nabarmena suposatzen duelako, ohikoak baino %80 gutxiago kontsumitzeaz gain, 6 eta 8 aldiz gehiago irauten baitute. Adibidez, kontsumo txikiko lanpara batekin 100 euro aurreztu daitezke lanpara erabilgarria den bitartean.

2010ean ekimena iaz bezala jarri da abian, hau da, elektrizitate fakturarekin batera txartel bat iristen da eta hau Correoseko edozein bulegotan kontsumo txikiko bonbilla batengatik trukatu daiteke (2010eko abenduaren 31 arte). Baina 2009an autonomia erkidego bakoitzari txartelen bidalketa pixkanaka egin zen bitartean, 2010ean txartelen banaketa bi fasetan eta elektrizitate konpainien bitartez gauzatzen ari da. Txartelen bidalketen lehen fasea apirilaren erdialdean hasi zuten E.ON, HC Energia eta Gas Natural FENOSA konpainiek eta bidalketen bigarren fasea aldiz, uztaila eta abuztuan zehar burutu zen Endesa eta Iberdrolaren bitartez.

Programa hasi zenetik elektrizitate fakturarekin batera 12,3 milioi txartel bidali dira eta horietatik 3.027.001 bigarren fasea hasi zenetik bonbillengatik trukatu dira. Orain arte banatu diren bonbillekin urtean 252 GWh aurreztea lortuko da, hau da, 63.000 etxebizitzek kontsumituko luketen elektrizitatea, eta gainera, atmosferara 101 tona CO2   isurtzea saihestuko da. Beste modu batean esanda, Algeciras, Jaen eta Torrejón de Ardoz hiriek urtean kontsumitzen duten elektrizitatea aurreztea lortuko da.

Era berean, Europako araudiaren helburu nagusia enpresetan eta etxebizitzetan elektrizitatearen  kontsumoa murriztea da. Horretarako, Europako Batasunak 2009ko irailetik aurrera, ohiko bonbillak pixkanaka merkatutik kentzea  eta kontsumo txikikoengatik aldatzea aurreikusten du. Baina programarekin, Estatua dagoeneko aurreratu zaio Europako Batasunak ohiko bonbillak kontsumo txikikoengatik aldatzeko jarri duen epe mugari.

Beiraren birziklapena handitu da Estatu mailan


Contendor de vidrioEcovidrio irabazi xederik gabeko elkartea da eta Espainiako beirazko ontzi hondakinak birziklatzearen kudeaketaz arduratzen da. Bere azken azterketa-datuen arabera, beiraren birziklapen-tasa handitu egin da Estatu mailan.  Aurtengo lehen seihilabetealdian, 2009ko lehen seihilabetealdian baino 4.020 tona beira gehiago birziklatu dira, izan ere, guztira 353.739.169 kilogramo beira hondakin birziklatu da (iaz baino %1,2 gehiago).

Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, aurtengo lehen seihilabetealdian 27.638 tona beira hondakin birziklatu da, iazko periodo berdinean baino %0,9 gehiago.

Emaitzak ikusita, esan daiteke Estatu mailan beiraren birziklapena sendotu dela. Ecovidrioko Zuzendari Nagusia den Javier Puig de la Bellacasak adierazi duenez, datuok espainiarrek beira birziklatzeko duten joera adierazten dute eta ez dago zalantzarik hiritarrak beira hondakinak ontzi berdera (iglura) botatzeko ahalegin gehiago egiten dituztela.

Bestalde, Quor enpresak Ecovidriorentzat egindako azken merkatu azterketan hainbat ondorio atera dira: Espainiarren %70 beira birziklatzen duela baieztatu du eta inkestatuak izan diren hiritarren %45,4ak beira birziklatzea etxeko beste lan bat bezala hartzen duela esan du. Honetaz gain, hiritarrak beira birziklatzean egiten dituzten akatsik nagusienak zeintzuk diren ezagutu dira: galdetutakoen artean %61ak kristalezko edalontziak beirazko edalontziekin batera birziklatzen dituztela  baieztatu du, %40ak beirarekin batera zeramika, platerak eta baxerako beste pieza batzuk birziklatzen dituela, eta %33,6 sendagaien poteak iglu edo beira hondakin ontzi berdera botatzen dituela onartu du.
 
2009. urteari dagokionez, kaleko beira ontzietan 712.662 tona beira jaso ziren, hau da, biztanleko 15,2 kilogramo  beirazko ontzi birziklatu ziren. Kaleko hondakin ontzi berdean (igluan) bildutako beirazko hondakinei zabortegitik datozenak gehitu behar zaizkie (38.919 tona) eta horrela, guztira 751.582 tona beira kudeatu zituen Ecovidriok.
2008. urteaz geroztik, Estatu mailan kaleko hondakin ontzietan jasotako beira kopurua mantendu da. Beira kopuru hau mantentzearen joera  positibotzat jotzen da kontutan izanda 2009. urtean beira ontzien kontsumoa %3,2 jaitsi dela.

Bidasoaldeko herritarrak mugikortasun iraunkorrarekin bat


Bidasoa-Txingudi eskualdeko Udalek, aurtengoan ere, bat egin dute Mugikortasun Iraunkorraren Astea izeneko sentsibilizazio kanpainarekin. Europako Batzordeak koordinatzen duen ekimen honen helburua mugikortasun iraunkorra sustatzea da, horretarako, motordun ibilgailuen aurrean, ingurumenaren eta osasunaren ikuspuntutik egokiagoak diren garraio bideen alde egiten duten ekimenak bultzatuz (hala nola; oinezko joan-etorriak, bizikleta, garraio publikoa, eta aipatu desplazamendu mota ezberdin horien arteko konbinazioa).

Aurtengoan, Europako Batzordeak aukeratutako lema “Zentzuz mugituz, hobeto bizi” izan da. Gai hori aitzakiatzat hartuz, Hondarribiko Udalak nahiz Irungo Udalak, Izadi 21 (Inguru 21, S.L.) enpresaren koordinaziopean, askotariko ekintzez osatutako egitarauak antolatu zituzten irailaren 16an hasi eta 26an amaitu zen Mugikortasun Iraunkorraren Astean. Honakoak izan dira lortutako emaitza nagusiak:

Hombre sobre patin

 

  • Hondarribia (irailak 16-22): aurreko urteetako edizioetan mugikortasun iraunkorrari buruzko on-line lehiaketak eta udalerrian zeharreko bizikleta martxak izandako harrera ona aintzat hartuz, aurtengoan ere Udalak bi ekintza horiek antolatu ditu. Udal web gunean eskegitako lehiaketaren parte-hartze maila hazi egin da aurreko urtearekin alderatuz (partaidetza maila ia %50 batean igo da) eta irailaren 19an ospatutako bizikleta martxak ere arrakasta izan zuen, 100 herritar baino gehiagok parte hartu baitzuen ekintza honetan, aurreko edizioekiko partaidetza mailak ere nabarmenki handituz. Bestalde, aurtengoan, berrikuntza moduan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hondarribiko Udalaren arteko elkarlanari esker, hondarribiarrek aukera izan zuten Lurraldebus txartela doan ateratzeko.
  • Irun (irailak 20-26): Irungo Udalak ekintza berri ugari barneratu ditu 2010 edizioko egitarauan: garraiobide mota ezberdinek herritarren bizi kalitatearengan sortzen duten inpaktuen arteko argazki konparatiboa (45 autok, 35 bizikletak, 45 pertsonek eta autobus batek Kolon pasealekua hartu zuten irailaren 25ean, bakoitzak okupatutako espazioaren eta sortutako kutsaduraren arteko aldea ikusteko), irailaren 25ean antolatutako Mugitruk 2. eskuko objektuen azoka eta norberaren bizikleta egoera onean mantentzen ikasteko tailerra, irailaren 26an antolatutako bizikleta martxa kulturala (ekintza honekin bat egin zuten herritarrek, besteak beste, Irugurutzetako Labeak ezagutzeko aukera izan zuten), eskolei zuzendutako Mugikortasun Iraunkorrari buruzko Argazki Lehiaketa (ekintza honetan parte hartzeko epea urriaren 22an amaitzen da), Mugikortasunari buruzko Jardunaldiak (Oiasso museoan antolatu zituen Udalak, irailaren 23an, eta bertaratutakoek mugikortasuna eta osasunaren arteko harreman estua ezagutzeko parada izan zuten, Eskola Bidea izeneko ekimen berritzailearekin batera) eta Irungo Mugikortasun Iraunkorreko Planaren lan ildo nagusien aurkezpena. Sentsibilizazio kanpaina honen baitan antolatutako beste ekintzei dagokionez, aurreko urteetan bezala, herritarrak parte hartzera animatu ziren (bizikleten alokairuaren doako postuan 54 bizikleta alokatu ziren irailaren 22an eta 23an zehar, mugikortasunari buruzko irrati lehiaketan ere partaidetza mailak gora egin zuen eta irailaren 25an Zabaltza Plazan antolatutako ibilgailu berezien inguruko ekintzara herritar asko hurbildu zen). 


Mugikortasun Iraunkorraren Astean parte hartu duten herritarrei eta eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu txoko honetatik… eta hurrengo urtera arte!

 

Argazkia: Irungo Udala

Klima Aldaketaren Lege proiektua


Eusko Jaurlaritzak 2008 urtean onartu zuen Klima Aldaketaren Aurka Borrokatzeko Euskal Plana (2008-2012), zeinaren xedea karbonoarekiko mendekotasun gutxiago duen eredu sozioekonomiko bat sendotzea den, klima aldaketak ahalik eta eragin gutxien eragin gaitzan.

Bi esku elkartuta eta margotuta munduaren forma hartuzAipatu Planaren indarraldia hurrengo urtearen amaieran amaituko dela aintzat hartuz eta horrekin batera, klima aldaketaren arazoari lotuta gertatu diren egoera eta erronka berriei erantzuteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak klima aldaketari aurre egiteko legearen zirriborroa prestatu du eta irailerako aurkezteko moduan izango da. Legearekin batera, 2012-2020 epealdirako plan berria onartzea aurreikusten du Jaurlaritzak.

Euskal Autonomia Erkidegoan klima aldaketari aurre egiteko legearen helburua klima aldaketaren aldagaia herri-administrazioen gaikako politiketan barneratzeko printzipio eta jarraibideak ezartzea da. Klima aldaketaren aldagaia barneratzen duten politikek sustapen publiko nahiz pribatutik karbono gutxi behar duten teknologien erabilpena bultzatu beharko dute, klima aldaketara egokitzeko eta bere ondorioak arintzeko neurriei buruzko ezagutza sustatuko dute eta horrekin batera, herritarren kontsumo ohituren aldaketa ere bultzatuko dute.

Foru Aldundiek eta udalek izango duten entzunaldiaz gain, ekaina eta uztailean zehar garatzen ari den partaidetza prozesu bat abiarazi du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, klima aldaketarekin zerikusia duten ekonomia eta gizarte eragile nagusienei zuzendutako gaikako lan bilerez gain, gune birtuala ere martxan jarri da: Irekia gune birtuala. Uztaila amaitu ondoren, legeak ezarritako jendaurreko kontsultarako izapide formalak beteko ditu Jaurlaritzak.

Informazio gehigarria: Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ataria

Hondarribiko eskolek Hondakinak eta Ura aztertuko dituzte


jolasakHondarribiko 3 eskolek, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, bat egin zuten 2008/2009 ikasturtean Eskolako Agenda 21 hezkuntza programarekin. Lehen ikasturte hartan hondakinen gaia aztertu zuten eskolako eragileek eta 2009/2010 ikasturtean uraren gaia.

Hurrengo ikasturteari begira, azken bi ikasturteetan jorratuko gaietan sakondu eta ezagupenak zabaldu asmoz, berriz ere hondakinen nahiz uraren gaiari helduko diote. Bi gaiok kontsumo arduratsuarekin nahiz garapen iraunkorrarekin duten lotura argia da eta horrekin batera, eskualdeko bizi kalitatearekin harreman zuzena duten arloak direla ezin da ukatu,  gaurkotasun handikoak gainera.

Aipatu behar da ekainaren lehen astean Udalaren eta eskolen arteko foroan eskoletako ordezkariek Udalari nahiz Txingudiko Zerbitzuen mankomunitateari egindako hobekuntza proposamenei urrira aldera emango zaiela erantzun ofiziala. Horretarako, ikasturte hasieran udal ordezkarien eta eskolako ordezkarien arteko foro berri bat antolatuko da.