logos

Berriak

Agenda 21en I. Ekintza Plana onartu dute Hondurasen


Logotipo dia mundial medio ambienteJoan de ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, onartu zuen Santa Rosa de Copán (Honduras) udalerriko udalbatzak garapen iraunkorraren aldeko I. Ekintza Plana.

Santa Rosa de Copán da Hondurasen Tokiko Agenda 21 izeneko garapen iraunkorrerako prozesuan sartu zen lehen udalerria (2009 urtean) eta baita, hurrengo urteetan garatuko den I. Ekintza Plana eskuartean duena ere. Tokiko Agenda 21en ezarpen eta diseinu fasea gauzatu ahal izateko, Santa Rosa de Copáneko Udalak nahiz garapen agentziak (ADELSAR) Bidasoako Garapen Agentziaren (Bidasoa Bizirik) laguntza izan du. Tokiko garapen iraunkorraren bidean aurrerapausoak emateko prozesu hau “UNE: Estrategias de Desarrollo Local Incluyentes y Participativas” izeneko proiektuan kokatzen da eta azken horrek, era berean, Europar Batasuneko “URB-AL III” programaren laguntza jaso du (“URB-AL III” programaren helburua Hego Amerika eta Ertamerikako udalerri eta eskualde mailako herritar-taldeetako lurralde eta gizarte kohesioa handitzen laguntzea da).

Santa Rosa de Copáneko iraunkortasunerako I. Ekintza Plana 5 helburu estrategikoz, 15 jarduera programez eta 103 ekintzez osatuta dago.

Prozesu osoan zehar, ADELSAR garapen agentziak eta gainerako eragileek Izadi 21en (Inguru 21, S.L.) aholkularitza teknikoa izan dute.

Informazio gehiago hemen

Udaleko eta Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkariak ikasleekin bildu dira


Foro HondarribiJoan den ekainean Hondarribiko ikasleek azken hiru ikasturteetan ura eta hondakinen gaian landutakoaren emaitzak aurkeztu eta zenbait eskaera egin zizkioten udal ordezkariei Eskolako Agenda 21 programaren baitan ospatutako Eskolak-Udala Foroan. Eskaera horiek erantzun asmoz, Hondarribiko Udaleko eta Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitateko ordezkariak eskoletako ikasleekin bildu ziren azaroaren 10ean udaletxeko udalbatza aretoan.

Osteguneko saioan ikasleek jasotako erantzunen artean, honakoak aipatu ziren:

  • Ur ekosistemei lotuta, esate baterako, Hondarribiko hondartzak, ISO 9001 eta ISO 14001 kudeaketa sistemak betetzen dituen ziurtagiriak lortu zituen eta orduz geroztik, kudeaketa sistema hauek zehazten duten prozedura jarraitzen da, ingurumen arloko gaien jarraipena gauzatuz.
  • Jaitzubiako paduren babesari buruz, ingurune honen hobekuntzarako obrak laster jarriko direla martxan aipatu zuten udal ordezkariek. Lan hauen artean, besteak beste, honakoak aipa daitezke: oinezko bideak egokitu, zubiak konpondu, banku eta eserlekuak konpondu, herritarrak informatu eta sentsibilizatzeko seinale eta kartel berriak jarriko dira.
  • Sentsibilizazio kanpainei dagokionez, Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitateko ordezkariak jakinarazi zuen 2011 urtean hainbat kanpaina egin direla eskualdeko bigarren eta lehen hezkuntzako eskoletan. Era berean, abenduan edukiontzi eta beiraren birziklapenaren aldeko sentsibilizazio kanpaina bat antolatuko dutela aurreratu zuen.
  • Bestetik, Amute, Mendelu eta Puntal auzoetan hondakinen bilketa organikoa ezartzeko esperientzi pilotua abian jarri dela jakinarazi zuen Mankomunitateko ordezkariak.
  • Datorren urte hasieran Hondarribiko biztanleek euren etxeko ur-kontsumoen kontsulta Mankomunitatearen web gunetik egiteko aukera izango dutela aurreratu zuen Txingudiko Zerbitzuakeko ordezkariak.


Jarraian Aitor Kerejeta Alkateak aurreko ikasturtean planteatutako mugikortasunari lotutako zenbait eskaera ere erantzun zituen. Besteak beste, Alkateak ikasleei jakinarazi zien aurten jorratuko zuten Oinez Eskolara ekimenaren barruan eskolara joateko bide seguruak zehaztu eta beharrak identifikatzeko aukera izango zutela.

Amaitzeko, Hondarribiako eskolek Eskolako Agenda 21 programa laugarren urtez abiatu duten ikasturte honetan, eskola komunitatea osatzen duten eragileek MUGIKORTASUNA lantzen ari direla jakinarazi zuten.

Lezoko eskolen eta Udalaren arteko foroa


Foro LezoAzaroaren 8an, Lezoko Gezala Aretoan, ikasturte honetako lehen Eskola-Udalak Foroa antolatu zen Lezon. Bilera honetan udal ordezkariek 2010/11 ikasturte amaieran, hondakinen gaiari lotuta, ikasleek aurkeztutako eskaerak erantzun zituzten.

Leire Beteta ingurumen teknikariak eta Eneko Lartigek ingurumen zinegotziak eskaera guztiak banan-banan azaldu zizkieten Lezo Institutuko eta Herri Eskolako ikasleei. Jarraian bildu ditugu erantzunetako batzuk:

  • Eskaera: Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko informazio eta kontzientziazio kanpainak antolatzea

Erantzuna: Datorren azaroaren 26ean Kontsumo arduratsuaren azoka ospatuko da Lezon. Azokaren helburuen artean dago hondakinen prebentzioa eta berrerabilpena sustatzea, baita gai horri buruzko ingurumen hezkuntza zabaltzea ere. Horrela, azokan hondakinen kudeaketa egokiari buruzko informazioa egongo da, eta ahal den herritar gehien parte hartzea da Udalaren nahia. Ikastetxeak ere gonbidatuak zaudete bertan parte hartzea, eta horretarako gune berezi bat aurreikusi da. Baina hori hasiera besterik ez da izango.

Gai hori hurrengo urteetako ardatz garrantzitsuenetako bat izango da Udalarentzat. Egoera goitik behera aldatzeko garaia dugu, baina herritar guztiekin egin behar dugu hori, guztiok sortzen baitugu zaborra. Zuen guztien laguntza behar dugu horretarako.

  • Eskaera: Elbarri eta txikientzat egokitutako edukiontziak jartzea

Erantzuna: Edukiontziak berritzerakoan kontuan izaten saiatuko garen ekarpena izango da hau.

  • Eskaera: Zigarro muturrek kaleak ez zikintzeko, kaleetan hautsontziak jartzea

Erantzuna: Edukiontziak jarri baino, ohitura txar hori aldatzea da egokiena. Herritarrok kalea garbi mantentze horretan parte hartu behar dugu, izan ere, kalea denona da. Herritarren ohiturak aldatzea ez da erraza, eta hautsontziak jartzeak ez du arazoa konponduko jendeak erabiltzeko ohitura ez badu.

Saioarekin amaitzeko Lezoko Herri Eskola eta Lezo Institutuko ikasleek 2011/2012 ikasturtean BIOANIZTASUNA lantzen ari direla jakinarazi diete udal ordezkariei.  Une honetan, ikasleek, hautatuko gaiaren inguruan eskolaren egoera zein den aztertzen ari dira eta, bide batez, bioaniztasunaren inguruan sentsibilizatzen.

Lezoko Udalak partikularren partehartzea bultzatu nahi du Kontsumo Arduratsuaren Lehenengo Azokan


Kontsumo Arduratsuaren Azokaren kartelaDatorren azaroaren 26an ospatuko da azoka, goizeko 11etatik 14:30ak bitartean. Azokaren helburua herritarrek hondakinak murriztu eta berrerabilpena bultzatzearen aldeko jarrerak bereganatzea da.

Horretarako, hainbat postu bisitatu ahal izango dira: herriko ekoizleen postuak, materialak berrerabiltzeko tailerra, Eskolako Agenda 21aren postua (herriko ikastetxeena), Lezoko Udalaren postua…

Horretaz gain, elkarte eta partikularrek 2. eskuko objektuak saltzeko aukera izango dute. Dagoeneko, zenbait elkarte animatu dira parte hartzera, horien artean, Paleike, Gaxuxa, Emaús edota Itsas Gela daude. Korri, Xalto eta Brinko pailazoak ere Azokan egongo dira.

Zenbait partikular ere animatu dira dagoeneko. Azokan postu bat jartzeko epea azaroaren 23an amaitu zen. Informazio gehiagorako interesatuek 943 492 215 telefono zenbakira deitu edo info@izadi21.net helbide elektronikora mezua bidal dezakete.   

Poltsa berrerabilgarriak

Azokan parte hartzen duten herritarrei eguneroko erosketak egiteko oihalezko poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie. Guztira, 2.000 poltsa banatuko dira eta, era berean, eguerdiko ordu batak inguruan, Udalak ingurumen arloko hainbat proiektu aurkeztuko ditu eta mokadutxoa eskainiko die herritarrei.

Eskolak natur ondarean murgilduta


planta invasoraLezoko Udalak udalerriko bioaniztasuna babesteko neurri ezberdinak jarri ditu martxan eta Lezo Herri-Eskolak nahiz Lezo Institutuak lan horietako batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Horrela, bi eskola zentroek urrian zehar irteera ezberdinak antolatu dituzte Lezoko bioaniztasunarekin harremana duten bi eremu aztertu eta ateratako ondorioak hurrengo hilabeteetan osatuko duten Lezoko natur ondareari buruzko diagnostikoan barneratzeko. Lezoko ikasleek egingo dituzten irteera horiek 2011-2012 ikasturteko Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan kokatzen dira. Izan ere, ikasturte honetan zehar Lezoko eskola komunitatea bioaniztasunaren gaian murgilduta egongo baita.

Lezoko Udalak sustatutako naturaren berreskuratze lanei dagokionez, lan gehienak Jaizkibel–Aiako Harria korridore ekologikoaren bioaniztasuna eta tokiko loturak hobetzeko proiektatutakoak dira. Honakoak dira ekimen nagusiak:

  • Jaizkibel mendiko bertako basoak berreskuratzeko lanak (Kredoarriko eremuan)
  • Jaizkibelen, euri-ura jasotzen duen urmael txiki baten eraketa, anfibioentzat, intsektuentzat eta beste espezie batzuentzat babesgune izango dena
  • Altamiragain parkean landare inbaditzaileak ezabatzea eta eremu horretan bertako 440 zuhaitz eta zuhaixka landatzea
  • Altamiragain parkean 100 metro linea elektriko lurperatzea, 40 zuhaitz inguru babesteko
  • Bakarraiztegiko eremuan bertan arauz kontra isuritako hondakinak bildu (3.640 kilo hondakin orotara), 60 zuhaitz landatu eta landare inbaditzaileak ezabatu dira. Horrez gain, hondakinen isurketa ekiditeko asmoz, hesi eta seinaleak jarri dira zonalde horretan.


Informazio gehigarria www.lezo.net web gunean.

Mugikortasun Iraunkorraren Astea Irunen


Europako Mugikortasun Astearen Logoa“Mugi zaitez modu eraginkorrean: hobetu ezazu zure mugikortasuna!” lelopean, Irungo Udalak Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat egin du aurtengoan ere.

Eguneroko joan-etorrietan energia asko xahutzen dugu. Auto pribatuaren erabilera masiboak erregai fosilen kontsumoa izugarri igo du azken urteotan eta horren ondorioak geroz eta nabariagoak dira. Gipuzkoan soilik energia kontsumoa %72 handitu da 1994 eta 2008 bitartean, orotara, garraio-sektoreak kontsumitutako energia %33a izanik.

Arazo hau plazaratu asmoz, Irungo Udalak antolatutako sentsibilizazio kanpaina hau ekintzez beteriko egitarau batek osatzen du eta ekintzok irailaren 19a eta 25a bitartean garatuko dira. Orotariko jarduerak jasotzen ditu egitarauak, hala nola: mugikortasun iraunkorrari buruzko lehiaketa Radio Irunen, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroak EVEren eskutik, MUGITRUK 2. eskuko azoka, argazki lehiaketa, Ekobira, … Hamaika ekimenetan parte-hartzeko aukera izango bada ere, asteburuan bildu dira jardueran nagusienak.

Horrela, larunbatean (irailak 24), 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean, Irungo Zabaltza plazan Ekobira azokaz gozatzeko aukera izango da. Kontsumo arduratsu eta iraunkorraren aldeko azoka honetan, tokiko ekoizleen produktuak ikusi eta eskuratzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Honekin batera, Udalak antolatutako Hiriko Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren erakusketa, informazio puntua eta “Irungo Mugikortasun Iraunkorraren Aldeko zure ekarpena” ekimena izango dira. Euria eginez gero, Ekobira Artaleku polikiroldegian ospatuko litzateke, goizeko 10etatik 13era.

Igandean (irailak 25), berriz, beste hamaika ekimenek izango dute leku Zabaltza plazan eta Kolon pasealekuan. Egunari hasiera bizikleta bira batek emango dio. Goizeko 10etan abiatuko da Zabaltza plazatik Irungo bidegorrietan eta 30 eremuetan barrena. Bizikletarik ez dutenek, bizikleta doan eskuratzeko aukera izango dute goizean bertan Zabaltza plazan (doako alokairu zerbitzua izango da bertan). Parte-hartzaileei hamaiketako banatuko zaie eta, bizikleta biraren amaieran, bizikleta tolesgarri bat zozketatuko da.

Bestalde, goizeko 11etatik 14etara MUGITRUK 2. eskuko azoka izango da. Bertan, herritarrek mugikortasun iraunkorrarekin lotura duten objektuak saldu eta trukatzeko aukera izango dute. Herritar eta elkarteek saltzeko objektuak doako salmenta zerbitzu postuan utz ditzakete eta azoka amaitzean, saldutako objektuaren ordaina jasotzera pasa.

Bestelako ekimenek ere beren tokia izango dute Zabaltza eta Kolon pasealekuan: Segway, trikke, roller eta twistcar-etan ibiltzeko aukera, ibilgailu elektrikoak ezagutu, bide hezkuntza zirkuitu batean parte hartu, eta abar.

Informazio gehiagorako klikatu hemen.

Egitaraua


Animatu eta parte hartu!
  

Oporretan ere bioaniztasuna gogoan


LoroBioaniztasunak (edo aniztasun biologikoa) ekosistemen barietatea nahiz espezie bakoitzaren baitan dauden ezberdintasun genetikoak barneratzen ditu. Natur ondarearen babesak ez luke mugarik izan behar, hori dela eta, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak “Biodibertsitatea Mugarik Gabe” argazki lehiaketa antolatu du.

Lehiaketaren helburua gizarteak oporretan zehar aurkitzen duen ondare naturala baloratzea eta argazkien bidez islatzea da. Lehiaketaren bidez jasotako argazki onenen aukeraketa egin ondoren, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak behin behineko erakusketa bat osatuko du lehiaketa honen izenburu berbera izango duena. Lehiaketan parte hartzeko ez dago adin mugarik eta parte hartzaile bakoitzak gehienez ere 5 argazki aurkez ditzake. Argazkiak aurkezteko epea 2011ko irailaren 12an amaituko da.

Lehiaketaren oinarri guztiak http://www.torremadariaga.net/ web gunean aurki daitezke.

Hondarribiko eskolak Udalarekin bildu dira ura eta hondakinen konpromisoak eta eskaerak azaltzeko


Foro escolar en HondarribiHondarribiko Ama Guadalupekoa ikastetxeko LHko zentroak, Talaia Eskolak, Institutuak eta San Jose-Gurutzeko Alabak ikastetxeak ikasturte honetan Ura eta Hondakinak izan dituzte aztergai Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan. Aurtengoa hezkuntza programa hori garatzen duten 3. ikasturtea da eta urtero legez, ekainaren 2an eskoletako ordezkariak (ikasleak eta irakasleak) Udalarekin bildu ziren honako puntuak aurkezteko:

  • Ura eta hondakinen gaian ikasturtean egindako jarduera nagusiak deskribatzea
  • 2 gai horien inguruan egindako eskolako nahiz herri mailako ikerketen emaitzak eta ondorio nagusiak aurkeztea
  • Ura eta hondakinen gaian eskolek bere gain hartu dituzten konpromisoak ezagutzera ematea
  • Ura, hondakinak, energia eta mugikortasunaren inguruan Udalari zuzendutako eskaerak aurkeztea, arlo horietan udalerriak garapen iraunkorraren aldeko aurrerapausoak eman ditzan


Hurrengo ikasturteari begira, eskola zentro bat gehiago batuko zaio Eskolako Agenda 21i: Ama Guadalupekoa ikastetxeko DBHko eraikina. Bestalde, 2011/2012 ikasturtean Mugikortasun Iraunkorraren gaia landuko dute Hondarribiko eskolek.

Hauek dira Udala-Eskolak Foroan eskoletako ikasleek Udalari egindako 6 eskaera nagusiak:
 

  • Eskolara patinetean edo bizikletaz joan ahal izateko, bertaraino doazen bidegorriak eraiki edo egokitu eta eskoletan bide heziketako hitzaldiak antolatu.
  • Hondarribiko ur-ekosistemak, herritarrek errespeta eta babes ditzaten sustatu –hondartza, Jaitzubiako padurak, errekak, Bidasoa ibaia, eta abar (Adib.: Sentsibilizazio ekintzak antolatu, ohitura onen kartelak jarri, …).
  • Eskoletako eraikin publikoetako garbiketaz arduratzen den enpresari bere langileak birziklapenaren inguruan sentsibilizatu ditzan eskatu. Horrekin batera, hurrengo kontratazioa egiteko garaia iristen denean, Udalak pleguetan ingurumen irizpideak barneratzea (adibidez, hondakinak bereizi eta gero dagokion edukiontzietan uzteko).
  • Edukiontziak eskoletatik hurbil jartzea edo daudenak gehiago gerturatzea (batez ere Satarka eta Bordari eraikinetara).
  • Herritarrei zuzendutako hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpainak egitea, baita hondakinen prebentzioa edo murrizketa eta berrerabilpena sustatzen duten kanpainak ere.
  • Kai Berrian hondakinak sailkatzeko gaikako edukiontzi txikiak eta zakarrontzi arrunt gehiago jartzean zonaldeka, sarreran dauden edukiontziak ez baitira nahikoak (Ingurumen jardunbide egokien inguruko sentsibilizazio kanpaina ere gauzatu daiteke langileak sentsibilizatzeko. Adib.: Praktika onen gomendioen kartela sortu, …).

1. Zubitxo Eguna ospatu da Lezon


Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan, Lezoko Herri Eskola eta Lezo Institutua hondakinen eta kontsumo ohituren inguruko kale ikerketa egiten hasi ziren martxoaren amaieran. Izan ere, Lezoko eskola komunitatea osatzen duten eragileek ikasturte honetan hondakinak aztertzen ari dira.

Hondakinen gaia lantzeko bi eskoletako ikasleak gogotik ari dira lana egiten: lehendabizi eskola bakoitzak eskola zentroaren diagnosia egin du eta ondoren, martxoa eta apirilean zehar herriko auzo ezberdinak aztertu dituzte herriko diagnosia osatzeko. Osagarri modura, herritarrei inkestak ere egin dizkiete kalean. Honekin guztiarekin, bi eskoletako ikasleek euren eskolako diagnosia egin dute lehendabizi eta ondoren, galdetegietatik emaitzak atera eta hondakinen inguruko herri-diagnosia osatuta izango dute.

Ikasturtean zehar landutakoarekin eta diagnosietatik lortutako ondorioetatik eskolek Hondakinen Ekintza Plana osatzeari ekingo diote. Ekintza Plan horrek bi atal izango ditu: lehenengoan, eskola bakoitzak hondakinen arloan bere buruari ezarritako konpromisoak, helburuak eta ekintza zehatzak barneratuko dira eta bigarrenean, berriz, hondakinen kudeaketari dagokionez, eskolek Lezoko Udalari egindako hobekuntzarako proposamenak jasoko dira.

Bestalde, ikasleek hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapenean sakontzeko, ikasturtean zehar birziklapena eta berrerabilpenaren inguruko hainbat tailer eta irteera egiten ari dira. Azkeneko irteera eskola inguruan egin dute Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek, Guillermo de Lazón eta Hipolito Gezala kaleen egoera zein den aztertzeko: lurraren eta pareten garbitasuna, edukiontzi mota kopuruak nahikoak ote ziren, edukiontziak zein egoeratan zeuden, etab ikusteko parada izan zuten joan den astean.


Zubitxo errekaren garbiketa



Niños recogiendo una ruedaApirilaren 7an Lezo Institutuko eta La Anunciatako ikasleek I. Zubitxo Egunean parte hartu zuten. Ekimen honen lehen saioan 36 ikasle inguru Zubitxo eta Olatzar (San Pedro auzoa) errekak garbitzen aritu dira, eta egia esan, hondakin mordoa atera dute bai uretik zein erreka bazterretik. Lezo Herri Eskolako ikasleak ere gerturatu ziren bertara.

Jasotako zabor guztia edukiontzi handi batean bildu dute eta ostiraletik igandera bitartean Euskal Herria plazan ikusgai izango den erakusketaren parte izango dira.

Honekin guztiarekin eskola komunitatea hondakinen inguruan sentsibilizatzea eta, era berean, iraunkortasuna lortzeko irizpideak herrian zabaltzea bilatu nahi da, lezoar guztiok hondakinen gaiari norabide berean hel diezaiogun.

Errenteriako eskoletako ikasleak hondakinen inguruko herri-diagnosia egiten ari dira


Interior PapresaEskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan, Errenteriako 7 eskola (Beraun Berri, Cristobal Gamon, Koldo Mitxelena Institutua, Langaitz Ikastola, Langaitz Institutua, Orereta Ikastola eta San Jose - Gurutzeko Alabak) hondakinen eta kontsumo ohituren inguruko kale ikerketa egiten hasi dira martxoaren bigarren hamabostaldian eta apirilaren hasieran. Izan ere, ikasturte honetan Errenteriako eskola komunitatea osatzen duten eragileak hondakinak aztertzen ari dira.

Hondakinen gaia lantzeko 7 eskoletako ikasleek euren eskolako diagnosia egin dute lehendabizi eta ondoren, martxoa eta apirilean zehar, Errenteriako auzoak aztertu eta Errenteriako biztanleen kontsumo ohiturak ikertzen hasi dira. Lan honekin guztiarekin, Errenteriako hondakinen diagnosia osatuko dute. Aipatutako kale-ikerketa egiteko eskola bakoitzak Errenteriako eremu ezberdinak aztertu ditu, Izadi 21 enpresak prestatutako galdetegi batzuen laguntzarekin: alde batetik, Errenteriako biztanleen kontsumo ohiturei buruzko informazioa biltzeko galdetegiak eta bestetik, hondakinei dagokionez, kaleko egoera aztertzeko fitxa (edukiontzien egoera,…).

Kale ikerketa egin ondoren, galdetegietatik emaitzak atera eta 7 eskolek hondakinen inguruko herri-diagnosia osatuta izango dute. Hurrengo pausoa diagnositik lortutako ondorioetatik Hondakinen Ekintza Plana osatzea izango da. Ekintza Plan horrek bi atal izango ditu: lehenengoan, eskola bakoitzak hondakinen arloan bere buruari ezarritako konpromisoak, helburuak eta ekintza zehatzak barneratuko dira eta bigarrenean, berriz, hondakinen kudeaketari dagokionez, eskolek Udalari egindako hobekuntzarako proposamenak jasoko dira.

Bestalde, ikasleek hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapenean sakontzeko, ikasturtean zehar birziklapena eta berrerabilpenaren inguruko hainbat tailer eta irteera egin dituzte dagoeneko. Martxoan adibidez, Errenteriako hainbat eskolek herri-gunean kokatutako Papresa S.A. paper fabrika bisitatu dute. Errenteriako enpresa honetara hurbildutako ikasleek paper birziklatuaren ekoizpenari buruzko azalpenak entzun eta papera bera egiteko prozesua ezagutzeko aukera izan dute.