logos

Berriak

Bizikleta eta oinezko bideak garatzeko laguntzak


ciclistas por el bidegorri de ErrenteriaGipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizikleten eta oinezkoen bideen udal sarea garatzeko programako diru laguntzak: 2014ko deialdia argitaratu du. 

Informazio gehiago gure txosten laburtuan aurkituko duzu.

Herritarren partaidetza sustatzeko diru-laguntza deialdia


ForoaGipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako udalei, mankomunitateei eta eskualdeko garapen agentziei herritarren partaidetza sustatzeko diru laguntzak emateko programaren oinarri arautzaileak eta 2014ko Deialdia ere argitaratu ditu.

Informazio gehiago gure txosten laburtuan aurkituko duzu.

Kontsumo arduratsuaren azoka


Merkatua eta gendeaSaldise plazan egingo da larunbatean, 10:00etatik 14:00etara; hondakinak murrizteko eta bertako kontsumo sustatzeko postuak izango dira

Lezoko Udalak eta Lezoko eskolek antolatuta, Kontsumo Arduratsuaren Azoka izango da, bigarrenez, datorren larunbatean, otsailaren 1ean, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean Saldise plazan. Azokaren helburua herritarrek hondakinak murriztu eta berrerabilpena bultzatzearen aldeko jarrerak bereganatzea da, eta bide batez, eskolek ikasturtean zehar egindako lana jakitera ematea.

Azokan hondakinak murriztu eta bertako kontsumoa bultzatzeko hainbat postu egongo da. Besteak beste, herriko ekoizleen postuak, materialak berrerabiltzeko tailerra, Herriko Ikastetxeen Eskolako Agenda 21aren postua –Kontsumo arduratsuaren gaia lantzen ari dira ikasturte honetan– edo-eta Lezoko Udalarena –hiri hondakinei buruzko azken proposamenen berri emango da bertan–.

Hainbat elkarteek ere parte hartuko dute azokan: Emaus Fundazioak, gizarte-ekintza eta ingurumen lanetan egiten ditun objektuak erakutsi eta salduko ditu; Gaxuxa Emakume Taldea; Itsas Gela, Arrantza jasangarria, kontsumo arduratsua tailerrarekin – txikienek gure itsasoan erabiltzen diren arrantza mota desberdinak ezagutzeko aukera izango dute, baita arraia modu arduratsuan jaten ere–. Gainera, Erlemundua ekimenaren eskutik, eztiaren mundua ezagutzeko aukera izango da –12:00 hitzaldia eta ezti dastatzea iragarri dituzte–.

 

Bigarren Eskuko Azoka

Elkarteez gain, partikularrek ere izango dute bigarren eskuko objektuak saltzeko aukera, izan ere, azoka honek hileko lehen larunbatetan ospatzen den Bigarren Eskuko Azokarekin bat egiten du. Erosteko bezalaxe, herritar orok du erabilitako objektu eta bestelakoak saltzeko aukera. Udaletxeko 943 52 46 50 telefonora deituta eskuratu daiteke, doan, postua jartzeko baimena.

Azokara hurbiltzen diren herritarrei eguneroko erosketak egiteko oihalezko poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie. Guztira, 1.100 poltsa banatuko dira.

Hondakinak eta Kontsumo Arduratsua hizpide


2012/2013 ikasturte amaieran, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartu zuten ikasleek hondakinak eta kontsumo arduratsuarekin zerikusia zuten hainbat eskaera aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko kanpaina gehiago egitea, bilketa sistema berriaren emaitzei buruzko informazioa erraztea, hondakin berezientzako (pilak, olioa, etab.) edukiontziak herriko gune gehiagotara zabaltzea, …

Hume batzuk foru batean

Udaleko ordezkariak eskaera hauek aztertzen jardun dute eta atzokoan, ikasturte honetako

 lehen foroa ospatu dute Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleekin. Programan parte hartzen duten 663 ikasleen ordezkaritza batek Udaletxeko Pleno Aretoan adi entzun dituzte Leire Betetak (Udaleko Ingurumen Teknikaria) eta Eneko Lartigek (Ingurumen Zinegotzia) emandako erantzunak. Besteak beste, informazioa errazteko udalaren webguneko hondakinen atala etengabe eguneratzen dela; harategi eta arrandegietako hondakinak murrizteko Ontziratu zaitez! kanpainan parte hartzen ari direla; eta etxean konposta egiten dutenek datorren urtean hobariak izango dituztela jakinarazi diete.

Dagoeneko eskarmentua dute Lezon, izan ere aurtengoan seigarren urtea da Lezoko Udalak eta ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, biodibertsitatea eta kontsumo arduratsua aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan, Kontsumoa arduratsua eta Hondakinak izango dituzte hizketa-gai. Egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, maiatza aldera berriz ere elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

Bidasoaldeko Eskolako Agenda 21en I. entzunaldi bateratua


Escolares y profesores saludando

Eskolako Agenda 21 izeneko programan parte hartzen duten Hondarribiko eta Irungo ikastetxeetako ikasleek, gaur, ekainak 6, bi udalerrietako alkateekin bildu dira, Irungo udaletxean. 

Ikasturte honetan zehar Hondarribiko zein Irungo ikasleek mugikortasun iraunkorraren gaia landu dutenez eta eskualde mailako behar komunak antzeman dituztenez, interesgarritzat jo zuten 2 herrien arteko entzunaldi publikoa batera antolatzea. Hori horrela, eskualdeko 15 eskola zentroetako ordezkariek eta udaletako ordezkariek parte hartu dute gaurko saioan (eskualdeko 7.500 ikasle inguru ordezkatuz). 

 

Bertan, ikasleek alkateei honako gaiei buruzko azalpenak eman dizkiete:

  • 2012/2013 ikasturtean zehar mugikortasunaren arloan Hondarribian eta Irunen egindako kale-ikerketen ondorioz topatutako hutsuneak edo hobetzeko arloak
  • Eskolek gai honetan sakontzeko eta sentsibilizazioa handitzeko bere gain hartu dituzten konpromisoak
  • Hondarribiko Udalari eta Irungo Udalari zuzendutako proposamen bateratuak

Bi herriek partekatzen dituzten ondorio eta proposamenez gain, ikasleek, herri bakoitzaren egoerara egokitutako txostenak ere banatu dizkiete udal ordezkariei. Entzunaldia amaitu aurretik, Hondarribiko alkateak ikasleei eskertu die ikasturtean zehar egindako lana eta bide horretan jarraitzera animatu ditu. Mugikortasun iraunkorrari lotutako herriko ondorioak eta beharrak Udalak aztertu egingo dituela hitz eman du ere alkateak eta horrekin batera, ikasleak beraien gurasoekin batera, gai honen inguruan hitz egin eta sentsibilizatzen jarraitzera animatu ditu. 

Hurrengo ikasturtean, 2 herrietako eskolek landuko duten gaia KONTSUMO ARDURATSUA izango da. 

Kontsumo arduratsua eta Hondakinak hizpide izan dituzte ikasleek gaurko udalbatza berezian


Ikasturte honetan Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek Kontsumo Arduratsua eta Hondakinen gaia landu dute Eskolako Agenda 21 hezkuntza programan. Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, egindako lanaren berri emateko, gaur (maiatzak 31), 3 eskolak Lezoko udal ordezkariekin bildu dira, goizeko 11:00etan ospatu den Udala-Eskolak Foroan.

Ikasleak eskaerak irakurtzen

Duela bi ikasturte ere hondakinak lantzen ibili ziren eskoletan eta orduan ikasleek hartutako konpromisoak birpasatu egin dituzte, hoberantz egin duten ala ez ziurtatzeko. Hondakinen gaian herrian dauden beharrei erantzuteko Lezoko Udalari egin zizkioten eskaerak bete ote diren ere behatu dute ikasleek.

Gela barruan eta kalean, hamaika ekimen burutu dituzte hiru eskoletako ikasleek. Guraso, senide eta herritarrak ere inplikatu dituzte euren lanetan. Honela, herriko festa eta ospakizunetan hondakinak gutxitzeko eta berrerabiltzeko jarduerak antolatzeko beharraz ohartu dira, eta baita herrian edo eskualdean ekoiztutako produktuak kontsumitzeko erraztasun gehiago izatearen beharraz ere.

Baina Udalari ezer proposatu aurretik, eurek ere zenbait konpromiso hartu behar dituztela ulertu dute, nork berak egiten ez duena ezingo baitiote beste bati eskatu. Honela, hamaiketako osasuntsua eta ahalik eta hondakin gutxien sorten duena eramaten saiatuko dira, eta sortzen dituzten hondakinak ere, etxean zein eskolan daudela ere, modu egokian sailkatzeko konpromisoa agertuko dute.

Halakoak eta beste zenbait irizpide mahai gainean jarri dituzte gaurko udalbatzan. Hurrengo ikasturteari begira, Lezoko eskolek, Oarsoaldea mailan Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten gainerako eskolen antzera, Kontsumo Arduratsuaren gaian sakontzen jarraituko dute. 

Errenteriako eskolek eta udalak ikasturte amaierako Eskolako Agenda 21en foroa ospatuko dute datorren asteartean


2012/2013 ikasturtean Errenteriako 7 eskoletako (Cristobal Gamon, Don Bosco, Langaitz Ikastola, Langaitz Institutua, Koldo Mitxelena, San Jose – Gurutzearen Alabak, Telleri) ikasleek KONTSUMOAREN gaia jorratu dute Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan. Orotara, 4.000 ikasle inguruk hartu du parte, guraso, senide, irakasle eta eskolako langileekin batera. 

Honen harira, eskolek saio berezia izan zuten joan den asteartean Merkatuzarren, kontsumoari lotuta, ikasturtean zehar jorratutako gaien inguruko ezagupena, hartuko dituzten konpromisoak eta udalari aurkeztuko dizkioten hobekuntza beharrak lantzeko. 

Izan ere, datorren asteartean, maiatzaren 28an, goizeko 11:00etan, Errenteriako Udaleko Pleno Aretoan bigarrenez elkartuko dira ikasturte honetan, Udaleko ordezkariak eskoletako ikasleekin. Kasu honetan, udal ordezkariak zain izango dituzte ikasturte honetan ikasleek hartutako konpromisoak eta herrian kontsumoaren arloan hobetzeko proposatuko dizkieten hobekuntzak ezagutzeko. 

Hondakinen Taldearen proposamena ondo baloratu dute Iztieta eta Agustinak auzoetako bizilagunek


Joan den ostegunean eman zion hasiera Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Taldeak auzoetatik egin asmo dituen bilerei. Iztieta eta Agustinak auzoetan izan dituzte lehen bi saioak eta guztira 65 bat pertsona bildu ziren, emakumeak gehienak.

Saioan zehar, hondakinen inguruan, Errenteriako Hondakinen Batzordeko kideek azken hilabeteetan eginiko ibilbidea eta, epe horretan, hiriko hondakinen bilketa sistema eguneratzeko proposamenak aurkeztu zituzten. Izan ere, egungo sistema eraginkorra izan ez ezik, errealitateari erantzuten ez diola azpimarratu zuten.

Personas reunidas, escuchando a un orador
Bi saioetara hurbildutako hiritarren partaidetza oso positiboa izan da Hondakinen Taldeko ordezkarien hitzetan. Zalantzak planteatu eta proposamen gehigarriak helarazi dizkigute, modu oso konstruktiboan gainera. Hurbildutako zenbaitzuek, ordea, jende falta azpimarratu zuten horrelako prozesu batean, guztion parte-hartzea ezinbestekoa baita. 

Astearte honetan Beraun, Galtzaraborda, Igantzi, Alaberga, Fanderia, Markola eta Pontikako auzoetako bizilagunekin elkartuko dira. 

EGUNA ORDUA AUZOA BILERA-GUNEA HELBIDEA
05/21   19:30 Beraun-Galtzaraborda-Igantzi Koldo Mitxelena Institutua  Galtzaraborda Etorbidea
05/22   19:30 Alaberga Alaberga – Arditurri AE
Alaberga 9, B
05/22   19:30 Fanderia-Markola Fanderia – Erdiko erreka AE
Dolores Ibarruri 4-B
05/23   19:00 Pontika Pontika AE
Pontika 10

Prozesu honetan interesa duen edonork bere ekarpenak helaraz diezazkioke Hondakinen Batzordeari e-posta bitartez (hondakinakIAK@googlegroups.com).

Hondakinen Batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkiote ekimen honetan parte hartu eta interesa agertzen ari diren herritar orori.

Auzo-konposta ezartzeko proiektua


Etxean sortutako hondakinen zati organikoa herrian bertan kudeatu asmoz, Adunako Udalak, herri-gunean, auzo-konposta egiteko 1. gunea jarri zuen martxan irailean. Bertan, herri-guneko 15 bat familiek sortutako hondakin organikoak bildu eta familia horien nahiz udal langileen egitekoari esker, herriko berde guneetan (lorategietan, baratzetan, etab.) erabiliko den konposta lortuko da. Adunako Udalak hurrengo urtearen hasieran auzo-konposta egiteko 2. gune bat eraikitzea aurreikusten du.

1. gunearen emaitzen berri emateko, azaroaren 22an, Udalak herritar guztiei nahiz inguruko herrietako udal ordezkariei zuzendutako ekitaldia antolatu zuen, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan.