logos

Berriak

Irungo Mugikortasun Iraunkorraren Astean izan gara


Ez izan zombi, mugi zaitez! lelopean ospatu da Irunen 2015eko Mugikortasun Iraunkorraren Astea. Jarduera fisikoen postua, auto elektrikoen erakusketa, mugikortasun iraunkorrari buruzko informazio puntua, bizikleta-martxa eta beste hamaika ekimen antolatu dira joan den asteburuan. Izadi 21ekook ere bertan izan gara, Zabaltza plazan kokatutako Mugikortasun Iraunkorraren inguruko informazio-postuan.

Irun Mugikortasun Astea 2015 Irun Mugikortasun Astea 2015 umeen jolasak Irun Mugikortasun Astea 2015 zombiak

Cristobal Gamóneko ikasleekin izan gara Basosoro baserrian


Errenteriako Eskolako Agenda 21 programaren baitan Elikadura Iraunkorra landu dute ikasleek 2014/15 ikasturtean. Gaiari bertatik bertara heldu asmoz, Cristobal Gamón ikastetxeko 5. mailako ikasleekin egon gara Errenteriako Basosoro baserrian esnea nola ekoizten duten ikusteko.

Basosoro baserriko esne ekoizpena

Hondarribiko Eskolako Agenda 21en Udal-foroa ospatu dute ikasleek


Atzo, ekainak 4, Hondarrarribiko Ama Guadalupekoa, Talaia Herri Esklola, Talaia Institutua eta San Jose ikastetxeetako ikasleak Udaletxeko Pleno Aretoan elkartu ziren, ikasturtean zehar Elikadura Iraunkorraren inguruan landutakoa Udaleko ordezkariei azaltzeko.

Bertan adierazi zutenez, datorren ikasturtean HONDAKINen gaiari helduko diote

Animo!

Hondarribiko EA21en Udal-foroa

Errenteriako ikasleak Udaletxean elkartu dira Eskolako Agenda 21en harira


Ekainaren 2an Errenteriako Cristobal Gamon, Don Bosco, Koldo Mitxelena, Bizarain Ikastola, Langaitz Institutua, Telleri Alde eta San Jose ikastetxeetako ikasleek ikasturtean zehar Elikadura Jasangarriaren inguruan egindako lanketa aurkeztu diete Errenteriako Udaleko ordezkariei.

Errenteriako EA21en Udal-foroa

+ info

Oiartzun Irratian egon gara Eskolako Agenda 21 programan egindakoak azaltzen


Gaur goizean Oiartzun Irratian izan gara Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde eskolako ikasle ordezkariekin ikasturte honetan Eskolako Agenda 21 programan egindakoak azaltzen.

Mila esker Beñat eta Uxue!

Oiartzun Irratian EA21

Oiartzungo ikasleek Elikadura Iraunkorra buruzko eskaerak aurkeztu dituzte Plenoan


Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasleak eta irakasleak ikasturte honetako Eskolako Agenda 21en azken txanpan aurkitzen dira.  Aurtengoan, eskoletan ELIKADURA IRAUNKORRA izan dute ardatz eta elikatzeko ohituren zein osasunaren inguruan jardun dute: hamaiketako egokia egiten duten, kirola behar adina kirol egiten duten, elikagaien jatorria zein den, etab.

Oiartzungo Udal-foroa

Eskolarteko Forotik Udalbatzara

Maiatzak 22an ospatutako foro batean Oiartzungo hiru ikastetxeetako ordezkariak elkartu ziren ikasturtean egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenesteko, eta horretaz gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den baloratu zuten.

Maiatzak 27an, berriz, eskoletako ordezkariak Oiartzungo udaletxeko Udalbatza aretoan elkartu dira, ikasturtean zehar elikadura iraunkorraren inguruan egindako ekimenak azaldu eta ostiraleko saioan adostutakoaren berri emateko, besteak beste:

  • Ikasleen konpromisoak: egunero kirol pixka bat egitea; eskolara abiatu aurretik gosaltzea; otorduak guraso edo senideekin egitea, …
  • Udalari zuzendutako eskaerak: kirol-azpiegituretan elikadura osasungarriari buruzko informazioa eskaintzea; Oiartzunen ekoiztutako produktuen berri ematea; azukreak gure osasunean nola eragiten duen jakinaraztea, …

Bestalde, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileek (ikasle, irakasle, eskolako langile, guraso eta Udala) 2014/2015 ikasturtean izandako partaidetzaren balorazioa egin dute. Orokorrean ikasleen, Udalaren eta irakasleen parte-hartzea egokia izan dela iritzi diote, nahiz eta azkenek pixka bat hobetu dezaketen. Eskolako Agenda 21en gaian irakasle ez diren eskolako langileen eta gurasoen partaidetza, berriz, erdipurdikoa dela adostu dute, eta beraz, hobetzeko arlo bat izango litzateke.

Amaitzeko, datorren ikasturtean ELIKADURA ETA HONDAKINAK landuko dutela adierazi dute.

Lezoko Eskolako Agenda 21, ikastetxetik udaletxera


Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, Lezoko Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle eta irakasleen ordezkariak 2014/2015 ikasturteko amaierako Eskolako Agenda 21en topaketetan elkartu dira.

Aurtengoan, eskoletan ELIKADURA IRAUNKORRA izan dute ardatz eta osasuna zein elikatzeko ohituren inguruan jardun dute: hamaiketako egokia egiten duten, ondo gosaltzen al duten, jatorduak senideekin egiten dituzten, etab.

Lezoko eskolarteko foroa

Eskolarteko Forotik Udalbatzara

Astearteko foroan ikastetxeetako ordezkariek ikasturtean egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenetsi zituzten, eta horretaz gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den baloratu zuten.

Ostegunean, maiatzaren 21an, berriz, eskoletako ordezkariak Lezoko udaletxeko Udalbatza aretoan elkartuko dira, ikasturtean zehar elikadura iraunkorraren inguruan egindako ekimenak azaldu eta astearteko saioan erabakitakoaren berri ematera. Udalari aurkeztuko diotenaren zatitxo bat aurreratu digute, besteak beste:

  • Ikasleen konpromisoak: egunero kirol pixka bat egitea; ura neurriz edatea; eskolara abiatu aurretik gosaltzea; …
  • Udalari zuzendutako eskaerak: herriko azoka mantentzea eta indartzea; bertako produktuen kontsumoa sustatzea; kalean inguruetako ekoizleen esnea eta esnekiak saltzeko makina jartzea aztertzea, …

Bestalde, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileek (ikasle, irakasle, eskolako langile, guraso eta Udala) 2014/2015 ikasturtean izandako partaidetzaren balorazioa egin dute. Orokorrean ikasleen, irakasle ez diren eskolako langileen eta Udalaren parte-hartzea egokia izan dela iritzi diote, nahiz eta azken biek pixka bat hobetu dezaketen. Eskolako Agenda 21en gaian irakasle eta gurasoen partaidetza, berriz, erdipurdikoa dela adostu dute, eta beraz, hobetu beharrekoa litzateke.

Amaitzeko, datorren ikasturtean ELIKADURA ETA HONDAKINAK landuko dutela adierazi dute.

Elikadura aztergai


Eskola Agenda 21 hezkuntza programan parte hartzen ari diren Errenteriako eskolak (Langaitz Ikastola, Bizarain Ikastola, Koldo Mitxelena Institutua, Cristobal Gamon ikastetxea, San José-Gurutzearen Alabak ikastetxea, Don Bosco Institutua eta Telleri Alde ikastetxea) elikadura jasangarriaren gaia aztertzen ari dira ikasturte honetan zehar.

Eskola zentro bakoitzean gaia zein egoeretan dagoen behatu ostean, une honetan Errenteriako egoera nolakoa den aztertzen ari dira. Horretarako, Errenteriako Udalak kontratatutako aholkularitza enpresak (Izadi 21) prestatutako fitxa batzuk baliatuz, eskola bakoitza kokatuta dagoen auzoko saltokiak, taberna eta jatetxeak, janaria erosteko makinak, eta kiroldegiak (osasuna eta elikadura uztartzeko) ikertzen hasiak dira. Kale-ikerketa horietatik eratorritako ondorioak abiapuntutzat hartuz, eskolek hirian hobe daitezkeen alderdiak antzemango dituzte eta ikasturtea amaitu aurretik, Udaleko ordezkariei azalduko dizkiete.

Errenteriako eskolak elikadura aztergai

Martxoaren 20an, esaterako, Koldo Mitxelena Institutuko ingurumen batzordeko ikasleak Niessen merkatal guneko eta inguruetako saltokiak aztertzera irten ziren. Horrela, talde txikitan banatu eta erosleei nahiz saltoki ezberdinetako saltzaileei (harategiak, arrandegiak, fruta eta barazkiak saltzen dituzten postuetako baserritarrak, etab.) galdera ezberdinak egin zizkieten eta informazioa idatziz bildu zuten.

Era berean, Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten zenbait eskola elikadura jasangarriaren inguruan sakontzen eta sentsibilizatzen jarraitzen dute, gaiarekin zerikusia duten jolas eta tailerrak antolatuz. Izadi 21en ingurumen-hezitzaileak, martxoan zehar, Bizarain Ikastolan, Cristobal Gamon ikastetxean eta San José-Gurutzearen Alabak ikastetxean izan dira, besteak beste, honako jarduerak dinamizatzen: dado erraldoiaren jolasa, zapien jolasa eta hanburgesa begetala egiten ikasteko sukaldaritza tailerra. 

Aleginez 2025erako prozesua abian da


Aleginez logoaAtzo ospatu zen, 2025 urtera begira, Alegia irudikatu eta planifikatzeko prozesuaren lehen saioa.

ALEGINEZ egitasmoaren barruan 2015ean zehar Udalak Alegiako gaur egungo argazki batetik abiatuta, etorkizuna definitzen lagunduko duten hainbat plangintzekin abian jarri berri da: 2014ean hasiera eman zitzaion Hirigintzaren antolamendurako Plan Orokorra (HAPOa) definitzeko prozesuaren jarraipena, Alegiako garapen iraunkorra aintzat hartuko duen Plan Estrategikoaren diseinua eta bestetik Aldaba Txikiko herri onurako eremuaren plangintza. 

Hiru prozesu hauek denboran bat egin dutenez, ezinbestekoa da plangintza hauek helburu bateratuak izatea. Plan hauetan 2025 urterako lortu nahi dituen ERRONKAK edo HELBURU OROKORRAK jasoko dira eta, beraz, begirada norabide berdinean kokatzea garrantzitsua izango da.

Helburu orokorrak, herriak, bere beharrei eta arazoei erantzungo dioten irtenbideen arrazoibideak dira, udaleko edozein arau, ekintza edota jarduerari zentzua emango diotenak. Herriaren borondate edo eskaera orokorren zerrenda litzateke, hitz laburrez esana.

Elkarrekin 21 aholkularitza-taldeak (Izadi 21 + Laia) eta RMArkitektura bulegoak dinamizatutako rol-joko batean oinarrituz, herritar eta elkarteek ekarpen ugari egin zituzten. Hurrengo saio batean, proposamen zehatzetarako beste lanketa bat egingo da Aleginez ekimenaren baitan.

Aleginez Taldean

Auzokonpostaren jarraipena eta formazio-saioak Lezon


Urtarriletik urrira jarraipen-bisitak mantenduko dira, lehena ostegunean, urtarrilak 29, izango da

Andreoneko konpostaguneko formazio saioaAzaroaz geroztik, lezoarrak etxeko biohondakinak konpostatzen ari dira Udalak ezarritako sei auzokonposta guneetan. Orduz geroztik, Elkarrekin 21 Ingurumen Aholkularitzak jarraipen bisitak egin ditu. Urtarrilean, beste 17 familiak kanpainarekin bat egin ondoren, Udalak auzokonposta guneetan tutoretzak egitea adostu du Elkarrekin21 Ingurumen Aholkularitzarekin elkarlanean.

Tutoretza hauen helburua bikoitza da: batetik, erabiltzaile berriei jarraibideak emango zaizkie auzokonposta egiteko; eta bestetik, orain arteko erabiltzaileei auzokonposta hobetzeko aholkuak emango zaizkie.

Hamar minutuko tutoretzak izango dira auzokonposta gune ezberdinetan. Lehena, ostegunean, urtarrilaren 29an. Hiru hitzordu jarri dira: 12:00etan, Andreonen; 13:00etan, Arretxene-Txulotxon; eta, 14:00etan, Altamiran –beste zonaldeetako erabiltzaileek parte hartzeko aukera izango dute–.

Bisita egutegia
Gainontzeko hamaika bisitak jarraian zehazten den egunetan egingo dira –printzipioz ordutegi bera mantenduko da; aldaketarik balego jakinaraziko da–:

  • Otsailak 12
  • Otsailak 26
  • Martxoak 12
  • Martxoak 26
  • Apirilak 23
  • Maiatzak 28
  • Ekainak 25
  • Uztailak 23
  • Abuztuak 27
  • Irailak 24
  • Urriak 22