logos

Jardueraz betetako hilabetea dugu Lezoko Eskolako Agenda 21en


Lezo Herri-eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleekin natura-ibilbideak eta elikadura-tailerrak burutuko ditugu apirilean

Ikasturte honetan Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programaren barruan Lezoko ikastetxeek Elikadura eta Hondakinak dituzte ardatz. Horri lotuta, haur-hezkuntzatik hasita, adin ezberdinetako ikasleekin zenbait tailer burutuko ditugu. Herri-eskolako Lehen-hezkuntzako 2. mailakoak izan dira lehenak, zentzumenen tailerrean. Ostiralean, berriz, Lizeoko Haur-hezkuntzako 5. mailako ikasleekin izango gara zentzumenekin jolasean. 

Lezoko ibilbide pedagokioetan barrena 

Udalak urte honetan estreinatu ditu herriko natura eta ingurunea, kirola eta osasunarekin uztartzeko ibilbide pedagogikoak: Xoxolurra – Alarguntza; Olatzar – Lorbide; eta Altamira – Bordatxo. 2011-12 ikasturtean, Eskolako Agenda 21 programaren barne Bioaniztasunaren gaia landu genuela, eta gaia, ordutik hona, eskolan lantzen jarraitu dugula baliatuz, Lezoko ikasleekin ibilbide horiek ezagutzeko irteerak burutuko ditugu: 

  • Pasaia-Lezo Lizeoko Lehen-hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleekin Altamira – Bordatxo ibilbidea ezagutzeko irteera bana egingo dugu apirilaren 18an eta 22an.
  • Institutuko ikasleekin, berriz, apirilaren 20an aterako gara Altamira - Bordatxo ibilbidea ezagutzera.
  • Herri-eskolarekin maiatzean egingo dugu Olatzar – Lorbide mendi-txangoa Lehen-hezkuntzako 5. mailako ikasleekin.