logos

Elikadura Burujabetza oinarri duen lehiaketa antolatu dute EHNE eta Bizilurrek


Elikadura burujabetza, herriek bere elikadura sistemaren inguruan erabakitzeko eskubidean oinarritutako ikuspegi politikoa da. Merkatuen zentralitatea, bizitzaren pribatizazioa eta desberdintasunak bultzatzen dituen ereduaren kontra, elikadura burujabetzak bizitza eta elikadura zentroan jartzea proposatzen du eta beste eredu sozialak eta ekonomikoak amankomunean eraikitzea.

Horren berri eman asmoz Bizilur (Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako erakundea) eta EHNE-Bizkaia nekazarien sindikatuak Bide Berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian izeneko dokumentala osatu dute, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Hands on the Land for Food Sovereigntyren (Eskuak Lurrean Elikadura-burujabetzarako) laguntzarekin.

Dokumentalean oinarrituz, elikadura burujabetzarekin lotura duen Bide Berriak lehiaketa antolatu dute. Lehiaketaren helburua Elikadura-burujabetzaren inguruko informazioa, gogoeta eta eztabaida gure gizartean sustatzea da adierazpen artistikoaren eta komunikazio-formatu berrien sustapenaren bidez, kontzientzia kritikoa sortzeko tresnak diren aldetik.

Lehiaketak 5.500€ banatuko ditu sarietan eta Parisen ospatuko den COP21 goi-bileran parte hartzeko aukera emango dio irabazleari. Lau modalitate ezberdinetan hartu daiteke parte: Argazkiak, Ilustrazioak, Ikus-entzunezkoak eta Narratiba. Lanak jasotzeko epea urriaren 23tik azaroaren 15era dago zabalik. Epaimahaia baserritarrek eta aipatutako kategorietako profesionalek osatuko dute, eta haren epaia Bide Berriaken webgunearen bidez jakinaraziko da 2015eko azaroaren 23an.

Oinarriak eta informazio gehiago http://bideberriak.eus/lehiaketa/ webgunean.